Nagore BELASTEGI
Donostia

Euskal nazioaren kontakizun berria eratzeko Hasier Arraizen proposamenak

Hasier Arraizentzat dena da politika, eta dena da kultura. Bi gaiak uztartu eta ‘Maitasun keinu bat besterik ez’ saiakera egin du, bere belaunaldiko idazleen lanak aztertuz eta bizi izan duten garaiari begira jarriz, egungo egoera politikoan aurrerapausoak eman nahian.

Hasier Arraiz, kaleratu berri duen liburuarekin. (Gorka RUBIO/FOKU)
Hasier Arraiz, kaleratu berri duen liburuarekin. (Gorka RUBIO/FOKU)

Hasier Arraizek literatura eta politika uztartzen dituen ‘Maitasun keinu bat besterik ez’ liburua aurkeztu du gaur goizean. Kirmen Uribek idatzitako poema batean oinarritutako izenburua eman dio lanari. Izan ere, bertan Ondarroako idazleari pasarte luze bat eskaintzen dio.

Saiakera bi zatitan dago banatuta; alde batetik 70. hamarkadan eta 80. hamarkadaren hasieran jaiotako idazleen inguruko analisia egiten du eta bestetik politikaz aritzen da, kontuan izanik beretzat dena dela politika eta dena kultura, eta horregatik bi gaiak etengabe nahasten direla.

Idazle belaunaldi hori hautatu du Arraizena berarena delako (1973an jaio zen). «Haustear zegoen gizarte batean jaio ginen: hemen edo han, nirekin edo nire kontra. Ni neu alde batean egon naiz argi eta garbi. Garai horren seme-alabak gara», kontatu du. Uribe fakultatean ezagutzeko aukera izan zuen eta gerora bizitzak beste une batzuetan elkartu ditu. Tartean, Ondarroakoak ‘Bilbao-New York-Bilbao’ bere lehen eleberriarekin Espainiako Narratiba Saria jaso zuenean, Arraiz espetxean zegoen eta bertan irakurri zuen. «Hori da gure belaunaldiaren historia», laburtu du.

Liburuan aipatzen dituen idazleak zein kulturako beste eragile batzuk ezagutzeko aukera izan du. «Ni ere horietako bat naiz, ez idazle naizelako baizik eta haiekin batera hazi naizelako fakultatean, kontzertuetan, gaztetxeetan… idazleak ez ezik, musikariak –Gorka Urbizu, Eñaut Elorrieta, Aiora Renteria–, bertsolariak –Maialen Lujanbio, Jon Maia, Unai Iturriaga–, artista plastikoak, zinemagileak… jende hori era naturalean ezagutzeko aukera izan dut leku berdinetan egon garelako. Garai honetako kultura kontrakultura izan da», ondorioztatu du.

Horregatik uste du dela hain garrantzitsua kulturarik, literaturatik, euskal nazio kontakizun berri bat sortzea, «indarkerien ondorioz erori ziren zubiak berreraikitzeko». «Askotan pentsatzen dugu gure gizartea desberdina dela, eta azkenaldian konturatu gara, onerako edo txarrerako, beste guztiak bezalakoak garela. Postmodernismoak utzitako gauzarik onena erlatibismoa da, alegia, dena ez dela txuria edo beltza. Euskal Herrian ere mundu arrotza dagoela ukatzea ez litzateke zintzoa izango. Hemen ere sumatzen da autoritarismoa eta arrazakeria».

Desberdinen arteko elkarlana

Baina Arraiz baikorra da eta uste du Euskal Herrian «ernamuinak» daudela: proiektu alternatiboak, feminismoa, kooperatibismoa… «nahiz eta neoliberalismoaren azelerazioaren erruz hasierako balioak galdu dituen eta komenigarria litzateke berreskuratzea».

Bere ustez ernamuin horiek saretzean datza arrakasta. «Goibel gaude neoliberalismoa jaun eta jabe delako eta badirudielako ezin zaiola aurre egin, baina uste dut alternatiba txikietatik jo dezakegula. Alternatibak eraikitzeko eta neofaxistak gelditzeko ezinbestekoa da desberdinen arteko elkarlana».

Liburuaren filosofia zabaltzeko asmoz solasaldi sorta bat antolatzeko intentzioa dute, politikariak eta idazleak elkartuz. Momentuz esperimentu honetara animatu dira batzuk: Andoni Ortuzar, Miren Larrion, Jon Maia, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe, Igor Elortza...