Wout van Aert flandriarrak sekulako erakustaldia eman du Dauphineko erlojupekoan

Jumbo taldeko txirrindulariak, ziklokrosean hiru aldiz Munduko txapeldun izana, 47 segundoko aldea atera dio Tom Dumoulin bezalako espezialista handi bati.

Asier AIESTARAN|2019/06/12 16:27
Aert
Van Aert, sariak jasotzen (Anne Christine POUJOULAT / AFP)

Wout van Aert flandriarrak (Jumbo) sekulako ezustekoa eman du Roanne hirian hasi eta bukatu den 26 kilometroko erlojupekoan. Ziklokrosean hiru urtez jarraian Munduko txapeldun izan zen 24 urteko txirrindulariak 31 segundo atera dizkio Tejay Van Garderen (EF) bigarren sailkatuari eta 47 Tom Dumoulin (Sunweb) hirugarrenari.

Dumoulin izan da Dauphine irabazteko faborito nagusien artean helmugan sartzen lehena. Herbeheretarrak 11 segundoan hobetu du Julian Alaphilippe (Deceuninck) frantziarraren denbora, eta bazirudien bere denbora izango zela erreferentzia nagusia helmugan.

Handik gutxira, ordea, Van Aert heldu da amaierara eta 47 segundoan hobetu du bere marka. Atzetik iritsi diren gainontzeko faboritoek ezin izan dute flandriarraren denbora hobetu. Van Garderen izan da hurbildu den bakarra, bigarren 31 segundora, eta beste guztien artean Adam Yates (Mitchelton) izan da emaitza onena lortu duena.

Ingelesa seigarren izan da etapan 56 segundora, baina sailkapen nagusian ongien kokatuta zegoena bera zenez maillot horia jantzi du. Dylan Teuns (Bahrain) bigarren da orain lau segundora, Van Garderen hirugarren seira eta Fuglsang (Astana) laugarren zazpira.

Galtzaile nagusien artean Nairo Quintana (Movistar) aipatu daiteke, etapan 15. postuan minutu eta 35 segundora, eta zorte txarrena izan duena Chris Froome izan da zalantzarik gabe, ibilbidea ikuskatzen ari zela eroriko larria izan baitu.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK