Emagin elkarteak babesa helarazi die Skolaeri eta deklaratzera deitu dituzten lagunei

Emagin elkarteak elkartasuna helarazi die Skolae programari eta horren aurka jarritako salaketa tarteko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian bihar deklaratu behar duten hamar lagunei.

NAIZ|2019/06/13 10:49
Skolae
Skolae programa 16 ikastetxetan jarri zen martxan.

Emagin pentsamendu kritiko feminsta sustatzen duen elkarteak oharra kaleratu du, bihar Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian hamar lagunek deklaratu beharko dutela-eta. Skolae programaren aurkako salaketaren harira deitu dituzte deklaratzera eta horietako bat, Idoia Arraiza, Emagineko kidea da.

Oharrean gogora ekarri dutenez, Skolae egitasmoa 2017an abiatu zen Nafarroan eta modu progresiboan ari dira ikastetxeetan martxan jartzen berdintasuna eta aniztasuna genero baldintzatzailerik gabe sustatzeko helburuarekin.

Emagin elkarteak hasieratik parte hartzeko gonbidapena jaso zuen eta «zalantzarik gabe atxikitu ginen egitasmora, zapalkuntza patriarkalari aurre egiteko hezkidetza hasieratik izan delako ezinbesteko estrategia guretzat, eta hezkuntza gure eragin eremu». Horregatik, elkarlanean jardun dute azken bi urteetan.

Elkarteak «babes osoa» adierazi die bihar deklaratzera joan behar duten hamar lagunei eta azken urteotan Skolae «eutsi, babestu eta sustatu duten guztiei». Horrekin batera, «gogor» salatu ditu «Nafarroako eraldaketaren kontra ari diren guztiak eta jazarpenaren bidez balio matxista eta diskriminatzaileak inposatu nahi dituztenak».

Skolae 2019ko Unescoren emakume eta haurren heziketaren nazioarteko saria jasotzeko hautagai izendatu duela-eta, Emaginek nabarmendu du «balio izugarria» duen izendapena dela, hezkidetzan egindako lan ona aitortzen duelako.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK