Idoia ERASO

Bideartean pastoralak artea eta hezkuntza proiektuaren arteko bidea egin du

Bidarteko plazako harmailak jendez bete ziren atzo «Bidartean pastorala» ikusteko. Oholtza gainean zeuden eskola publikoko 131 haurren familiek eta euskaltzaleek bete zuten herriko plaza. Erdi Arotik hasita, kostaldeko herriaren historia kontatzen duen obrak Zuberoa ere ekarri zuen gogora, bertako pastoralaren koreografia, jestu eta musiken bitartez.

Bidarteko plazan 131 haurrek antzeztu dute. Idoia ERASO
Bidarteko plazan 131 haurrek antzeztu dute. Idoia ERASO

Ikasturte bukaerako proiektu gisa abiatu zen “Bidartean pastorala”, baina hori baino zerbait handiagoa bilakatu zen. Hori errateko, taula gainean kantuz, dantzan eta antzezten ari ziren haurrei begiratzea besterik ez zegoen. Obraren kalitatea eskolan egindako urte osoko lanaren emaitza izan zen. Harmailetara behatuta ere nabari zitekeen hori; ikusleen gehiengoa arizaleen familiak baziren ere, Lapurdiko beste herri askotako euskaltzaleak ere hurbildu baitziren ikuskizunaz gozatzera. Hezkuntza xede zuen egitasmoa kultur adierazpen bilakatu zen.

Pastoral tradizionalaren koreografia hastapenetik bete zuten haurrek, bandera gorri eta urdinaren gibeletik hurbildu baitziren agertokira. Antzezlanak jasotzen dituen garaietako jantziekin, aurkezpena egin, eta nor bere tokian kokatu zen, bakoitzari zegokion musikaren doinuei segituz makilekin lurrean kolpeak emanez eta koreografia zehatza errespetatuz. Lehen peredikuak, bost garai historikoetako bost jaikialdiek eta azken peredikuak Johañe Etchebeste errejentak obrari eman zion zuberotar zuzentasunaren egitura agerian utzi zuten.

Bost jaikialdi

Jaikialdi bakoitza bukatzeko, kontatzen zuten historia pasartearekin bat zetozen abestiak hautatu zituzten. Horrela, Donejakue bidea egiten duten erromesak hizpide dituen jaikialdiari bukaera emateko, Tapia eta Leturiaren “Compostelako erromesa” abestu zuten. Herriaren izenak jatorria garai horretan izanik, erromesak «Hiru BIDeren ARTEan» ibiltzen direla idatzi zuten gaztetxoek.

Bidarten balearen ehizak XI. eta XVI. mendeen artean izan zuen garrantziaren berri eman zuten ondoren. Bukatzeko aukeratu zuten Otxalderen “Bale ihizi” kantuak zuzenean herria aipatzen du, Lapurdin jarduera horretan erreferente baitzen herria.

Behartutako ezkontzak izan ziren hirugarren zatiko gaia; familien interesek elkar maite zuten gazteak banantzen zituzten garaiaz mintzatu ziren eta musikarekin borobildu zuten hori ere, Sorotan Beleren “Marinelaren zain” abestiarekin.

Jendearen parte hartzea gehien sustatu zuen gaia 1936-1939 arteko gerrako euskal gudarien borroka izan zen. Francoren aldekoei “uuka” aritu ziren ikusleak. Eta Pantxoa eta Peioren “Bake mina” abestu zuten bukatzeko.

Azken jaikialdian egungo Bidarteko errealitatea eta ingurumenaren egoerarekiko kezka jorratu zituzten, eta The Uski’s-en “Horrelako” martxarekin bukatu zuten, kantuan eta oraingoan dantzan ere bai. Tradizioak markatzen dituen euskal dantzak ere izan ziren, baina zuberotarrek lapurtarrari egin zioten tokia, saskia eskuetan “Mateloten dantza” egin baitzuten.

Euskara sustatzeko

Obra egitearen xede nagusietako bat euskararen presentzia eskasa duen herrian hizkuntzarekiko eta euskal kulturarekiko interesa eta maitasuna piztea izan da, eta azken peredikuan agerian gelditu zen hori: «Pastorala bat Bidarten/ ikusgarri egokia/ euskarari eman diogu/ merezi duen tokia».

Hitza hartu zuen ondoren Patxi Thikoipe irakasleak eta proiektuaren sustatzailearen ahotik ere zabaldu da euskararen aldeko mezua plazan. Aldarrikapenari ere eman zion tokia; gaur egun gobernuak euskarazko hezkuntzarekiko duen jarreraren ondorioz baliabideak murrizten ari dira, eta legeak 25 ikasle ezartzen dituelarik eskolan 30 dituztela salatu zuen.

Dena bukatua zela zirudienean, hizkuntzaren aldeko aldarrikapena besta giroan egin zuten haur eta gaztetxoek, pastorala alde batera utzita “Euskaraz bizi nahi dut” doinua kantatuz.