NAIZ

Maitasuna eta babesa Onintza Enbeitari, jazarpenaren aitzinean

Joan den urrian «Berria»n Che Guevarari buruz idatzi zuen iritzi zutabea dela-eta irainak egin dituzte Bizkaiko bertsolari txapeldunaren kontra sare sozialetan, eta pankartak ere jarri dituzte. Jazarpenaren aurrean, maitasun eta babes etengabea jasotzen ari da Onintza Enbeita: «Berria» eta Bilgune Feministarena, eragile sozial, kultural, politiko eta feministena, baita herritarrena ere.

Onintza Enbeita, joan den abenduaren 15ean, Bizkaiko txapela irabazita. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Onintza Enbeita, joan den abenduaren 15ean, Bizkaiko txapela irabazita. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Jazarpena jasaten ari da Onintza Enbeita bertsolaria eta 'Berria'ko kolaboratzailea, egunkari honetan argitaratutako iritzi artikulu bat dela medio. Hala azaldu du 'Berria'k «inoiz idatzi behar ez lukeen albiste batean». 

Horren aurrean, bertako Langile Batzordeak eta Berria Taldeak oharra plazaratu dute. Azaldu dutenez, 2018ko urriaren 9an Onintza Enbeita kolaboratzaileak iritzi artikulu bat argitaratu zuen kazeta honetan, 'Bira' atalean egunero egin ohi duen gisara. Atzo, ordea, eta Enbeita Algortako bertso saio batera gonbidatu zutela-eta, pintaketak, pankartak eta sare sozialetan mezu iraingarriak zabaldu ziren Enbeitak zutabe haren harira.

Ernesto Guevara Che hil zuteneko urteurrenean, emakumeekin izan zezakeen rola hartu zuen hizpide zutabe hartan Enbeitak. «Ez diot haren lanari ezer kendu nahi, baina ez dakizkigun datuek kezkatu egiten naute. Hala ere, ez dakit ezkutatu digutena jakin nahi dudan ala ez», zioen.

Ez da lehen aldia Bizkaiko bertsolari txapeldunak gisa horretako erasoak jasan dituena artikulu hori idatzi ondoren.

Lehenik eta behin, babes eta elkartasun osoa adierazi dio 'Berria'k kolaboratzaileari, eta adierazpen askatasunaren aldeko konpromisoa ere baieztatu du. «Begi onez  hartzen  dugu  iritziak  eztabaidatzea,  argudiatzea,  kontra argudiatzea, desadostasunak plazaratzea.  Baina,  gauza  bat  da  iritzi  horren  aurka  jotzea,  argudioekin;  eta  oso  bestelako  bat, aitzakia hori baliatuta pertsonen aurka jotzea», adierazi dute. Langile Batzordeari eta Berria Taldeari «onartezina» iruditzen zaie gertatu dena.

Erantsi dutenez, eraso  horrek,  «adierazpen  askatasunaren  eta  argudio  bidezko  eztabaidaren  kontrakoa  izateaz gainera, karga sexista nabarmena dauka».

Besteak beste, «inperialismoaren zerbitzaria» izatea leporatu diote Enbeitari. 'Onintza, alde hemendik' dioten kartelak ere paratu dituzte.

Elkartasun mezu pila sare sozialetan

Sare sozialetan etengabeak dira Muxikako bertsolariari maitasuna eta babesa adierazteko mezuak. «Ederra zara, Onintza, eta aurrera beti zabaltzen gabiltzan bide berrietatik!», idatzi dio Ilaski Sarranok twitterren. Lander Garrok, aldiz, honako gogoeta egin du: «Txarrena ez da Onintza Enbeita bere iritzia emateagatik hain koldarki erasotzea, baizik eta EGIA esateagatik erasotzea. Ezin duzu gebarista izan Che nor izan zen jakin gabe. Ezin duzu zure ezjakintasuna besteen kontrako arma bilakatu».

Bilgune Feministak ere azaldu dio babesa, baita Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko kideek ere, batzuk aipatzeagatik. Bart iluntzeko Algortako bertso saioan, Sustrai Colina kantukideak hala abestu zuen azken agurrean: «Musu handi bat Onintza Enbeita».

Onintza Enbeitiak berak eskertu du bai sare sozialetan eta baita Algortan edukitako bertso saioan jasotako babesa.