Jon Ormazabal

Jai Alai World Tourrak momentuko egoerara moldatzen jarraitzen du

Publizitate laguntzak ia erabat desagertu direnez, iazko aurrekontua %30an jeitsi behar izan dute eta Eusko Jaurlaritza da babesle ia bakarra.

Zirkuitoa Guggenheimen aurkeztu dute (FOKU)
Zirkuitoa Guggenheimen aurkeztu dute (FOKU)

Bere biziraupenerako darabilen borrokan, iazko Jai Alai World Tourra publiko aldetik arrakastatsua izan zela esan daiteke, baina honek ez dio balio izan babesle berriak aurkitu edo zaharrak mantentzeko eta bere aurrekontuan %30eko murrizketa batekin ekingo diote udako sasoiari. Eusko Jaurlaritza izango da, hortaz, zirkuituaren babesle ia bakarra, baina, hala ere, antolatzaileen esanetan, gaur egun antola daitekeen zirkuiturik onena hasiko da larunbat honetan Markinan.

Egoera berri honetan, bi enpresa handiek, Jai Alive eta Gernika Jai Alai-k, enpresen aldi baterako batasun (EAB) bat osatu dute eta honi eskerrak, pilotari guztiak elkarrekin lehiatuko dira zirkuitua osatzen duten froga desberdinetan. Ohikoa da baita ere urtero pilotari handi baten hutsunea izatea eta, ia bezala, aurten Aritz Erkiaga izango da Jai Alai World Tourreko jaialdietan ikusterik izango ez dugun pilotaria, ez delako enpresekin, kasu honetan Gernikarekin, akordio batera heldu.

Zirkuituaren VI. edizio honetan, Markina, Hondarribia, Zumaia, Gernika eta Mutrikun izango dira txapelketak eta antolatzaileen asmoa da beste torneoren bat ere egotea.

Garrantziaren arabera, Hondarribia eta Gernikako Grand Slamak izango dira garrantzitsuenak. Bertan seina bikote arituko dira, bi taldetan banatuak eta finalerdien aurretik ligaxka bana jokatuko dute. Lehen aldiz, txapelketa hauetarako bikoteak zozketa bidez antolatuko dira.