Euskarazko komunikazioa estrategia bila; Google, Netflix eta enparauen munduan

Ikastaroaren izenburua «proposamen bat lantzeko uneaz» mintzo zen eta Garazi Goiaren parte hartzea «estrategia bat marrazteko beharra»-ren inguruan aritu da. Euskarazko komunikazioa gorantz doa baina termino erlatiboetan ez aurrera ez atzera geratu da. Operadore globalek agintzen duten munduan bere lekua nola lor dezakeen pentsatzen hasteko bidea eman nahi du UEUk eta Behategiak antolatu duten ikastaroak.

Ion T. BARRENA|eibar|2019/07/08
Ueu-ikastaroa
Skype bidez izan da ikastaroan Garazi Goia. Entzuleen artean gehienak komunikabideen sektorekoak.

«Euskarazko komunikazioa gora doa, baina euskaraz ez dena ere bai». Josu Amezagak hasi du Eibarren UEUk eta Behategiak elkarlanean antolatu duten ikastaroa, ‘Euskarazko komunikabideen aukerak eta erronkak: proposamen bat lantzeko unea’. EHUko irakasleak CIESen datu bat nabarmendu du, azken hamarkadetan %8tik ez da igo euskarazko komunikazioaren irismena, «aurrerapen handia eman zen 80ko hamarkadan, baina geroztik trabatu egin da eta zer pentsatua eman beharko liguke datu horrek».

Amezagak Garazi Goia ikus-entzunezko adituari egindako elkarrizketa batek jarri du ikastaroaren abiapuntua. Hamar urtez BBCn eta beste hiruz Sky-n lanean aritu den segurarra da Goia eta berehala lotu da ikastaroaren izenburura: «Euskal komunikabideetan beharrezkoa da estrategia bat definitzea etorkizuneko norabidea marrazteko, nora iritsi nahi dugun zehaztea. Ez badugu orain egiten jan egingo gaituzte, testuinguru global horretan oso txikiak gara». Larritasun mezu hori gehiegikeria dela pentsa dezakete batzuk, baina esperientzia propiotik argudiatu du alarma mezua, «hemen BBC eta Sky oso arduratuta daude Google eta beste batzuen dinamikarekin; hauek arduratuta badaude guk ere kezkatu beharko genuke».

Euskarazko komunikazioan ba al dago kezka hori? «Ardura ikusten dut», esan du Goiak, «baina ez dut uste urrats txikiak emateko unea denik». Londresen bizi den segurarraren ustez «batzuetan inertzia jarraituz egiten dugu aurrera eta akatsa izan daiteke, atzera pauso bat eman eta zer egiten ari garen baloratu beharko genuke, beste modu batera pentsatzeko. Uste dut ez garela ari hori egiten».

Komunikazioa, ildo estrategiko

«Komunikazioa Euskal Herrian ez da izan politikaren ardatz estrategiko bat». Hausnarketa hori plazaratu dio Josu Amezagak Goiari eta bi adibide jarri ditu. Lehena, EiTB sortu aurretik Komunikazio sailburuordetza bat izan zela Lakuako Gobernuan, gerora desagertu zena. Bestea, EiTBren bueltan Gasteizko Legebiltzarrean sortu den ponentzia, «legegintzaldia amaitzera doa eta emaitza nabarmenik gabe desagertzeko bidean da batzordea», bere esanetan.

Hariari helduta, Goiak uste du «ez dagoela komunikazio plan koherente bat bere osotasunean» baina «presioa beti EiTBn jartzea ez dela zilegi». Berretsi du estrategia zabal baten falta dagoela, «nonbait idatzita egon behar du zer izan behar den Euskal Herriko ikus-entzunezkoaren helburua, zer audientzia lortu behar dituen» eta «osotasunean galdera horri erantzuten saiatu. BBCk egin du eta funtzionatu egin du».

Hurrengo galdera derrigorra zen, beraz, «nork lideratu behar du hori?». Erantzun zehatzik ez da izan, baina izan beharko lituzkeen ezaugarrientzat bai, «lidergo sendoa behar du aldaketak eta finantziazioa, publikotik edo pribatutik. Izan ahal da herri ekimeneko norbait baina lidergoa behar du, gaitasuna eta babesa, diruz, ideologikoa eta baita kontzeptu aldetik ere».

Hartzailearen gustuak

Bere laneko hainbat adibide ekarri ditu Goiak ikastarora, nahiz eta aitortu horiek Euskal Herriratzean baliabideak ez direla neurri berekoak. Hala ere, neurri apalagoan izanda ere, hainbat gako baliatu ahal direla uste du eta horien artean hartzailearen desio eta gustuak ezagutzeaz aritu da.

Finlandiako telebista publikoa aipatu du Goiak, hurrengo urterako helburuen artean kokatu duelako finlandieraz hitz egiten duen bakoitzarengana gehiago iristea, «horretarako ezinbestekoa da ulertzea finlandiarrek zer espero duten bertako komunikazio etxetik». Ikus-entzunezko adituaren ustez «ez dugu nahikoa egiten jakiteko gure audientziek zer espero duten gugandik hemendik bost edo hamar urtera». Ezagutza hori lagunduko luketen neurrien artean proiektuen lidergoan «mentalitate zabalagoa dutenak» kokatzea aipatu du, «ulertzen dutenak jende gazteak dituen kontsumo ohiturak».

Hartzailearen ezagutza hobe bat izateko Big Dataren garrantzia ere aipatu du, «hedabideetako zuzendari postuetan egongo direnak datutan adituak izango dira, asko ari da inbertitzen profil mota horretan». Herritarren desio edo gustuen inguruan datu izugarri daudela nabarmendu du, baita gurean ere; kultur etxeak eta zinemak, aipatuz, besteak beste, baina «tamalez», bere hitzetan, «inor ez da ari hori lantzen».

Euskaldunak

Euskaldun kopuruaren inguruko datuak jarri ditu Amezagak saioaren amaieran. Aipatuz milioi erdi inguru euskaldun zahar dagoela, beste 400.000 bat testuinguru erdaldun batetik etorri eta euskaldundu direnak eta beste 400.000 inguru euskara ulertzeko gai direnak. EHUko irakasleak aipatu du inguruan gazteak ikusi ohi dituela ingelesez telesailak ikusten, «esfortzu bat egiten dute ingelesez ikusteko, zergatik ez da posible hori euskararekin?». Hausnarketa honi segika, Goiak adierazi du BBC eta Sky bezalako proiektuetan «aniztasuna eta inklusibitatea indartzen» ari direla eta «audientzia ezberdinetara iristeko esfortzua» egiten dela. Anbizio horren beharraz hitz egin du, «euskaraz ulertzen duten 400.000 horien inguruan pentsatzen dugu ziur aski ez dituztela euskaraz kontsumituko edukiak, baina apustu egin behar da».

Azken hitz hartzean Goiak nabarmendu nahi izan du badakiela ez dela erraza izango, «ez nago hemen kanpotik begira soluzioak errazak direla iradokitzen», baina «arriskatzea ezinbestekoa» dela berretsi nahi izan du, «dena ziurtatuta edukitzearen zain bagaude denbora galtzen ari gara eta ez dugu inoiz asmatuko»

LOTURAK