Gipuzkoako papergintzako langileen %70ek babestu dute azken eskaintza

Gipuzkoako papergintzako langileen %70ek Adegiren azken proposamena onartzearen alde egin dute. Eskaintza hori lortzea sektoreko langileen lorpena izan dela nabarmendu du LABek. Esaterako, errelebo kontratua derrigorrezkoa izango da eta laneko bajetan soldataren %100a kobratuko dute.

NAIZ|2019/07/11 16:08
Papergintza
Greba Gipuzkoako papergintza eta arte grafikoetan. Tolosako manifestazioa, uztailaren 3an. (Andoni CANELLADA/FOKU)

LABek sektoreko langileei hitza eta erabakia emateko konpromisoa hartu zuen. ELAk proposamenaren kontra egin zuen eta CCOOek, aldiz, ez zuen iritzi garbirik azaldu eta boto askatasuna eman zien langileei. Langileek argi utzi dute euren iritzia zein den: %70ek egin dute Adegiren azken proposamena onartzearen alde.

Eskaintza hori lortzea langileen borrokaren fruitua izan dela azpimarratu du LABek ohar batean. Esaterako, errelebo kontratua derrigorrezkoa izango da eta laneko bajetan soldataren %100a kobratuko dute langileek.

Hobekuntza ugari

Baimenetan ere hobekuntza nabarmena egongo da, guraso bakarren kasuan sendagilearengana laguntzeko ordu gehiago izango dituzte, hitzarmena familia eredu berrietara egokitzeko helburuarekin.

Honi soldata igoera garrantzitsua gehitu behar zaio, izan ere 2019an KPI+1 eta 2020 eta 2021an KPI+1,25 igoko dira soldatak. Orain arte ez bezala, langileek ez dituzte oporrak galduko, baja egoeran egoteagatik 18 hilabeteetan ez hartu izanagatik; berdintasun planak egitea adostu da; euskararen normalizaziorako mahaia sortuko da; lan osasunean hobekuntzak egon dira; haurdun dauden emakumeentzat soldata galdu gabe lanaldia gutxitzeko aukera egongo da...

«Hitzarmen hau da azken urte luzeetan lorpen sozial gehien biltzen dituena. Ez dago eskubide galerarik, hobekuntzak besterik ez. Enplegua bermatzen du, irabazi ahalmena hobetzen du eta lana eta bizitzaren uztarketa errazten du. Sindikatu guztiok jarritako helburuei erantzuten die», baloratu du LABek.

Bereziki sei greba egunak egin dituzten langileak zoriondu ditu. «Beraiei esker mugitu dugu Adegi eta erdietsi dugu akordio hau». Ildo horretatik, LABek ELAri gogorarazi nahi dio «interes propioak defendatzea zilegi dela, baina ez norberaren erabakiak justifikatzeko gezurra erabiltzea. Ez da etikoa LABi publikoki greben aldeko jarrera irmoagoa eskatzea, maila pribatuan jakinarazi digutenean paper fabrika batean deitutako greben erdia bakarrik egitea erabaki dutela. LAB izan da papereko lantoki guztietan greba egun guztien alde egin duen sindikatu bakarra», agertu du.

Uztailaren 17an finkatu dute hitzordua akordioa sinatzeko.