Nafarroa Garaia agurtuta, Araban da EuskarAbentura

Hamaika egun joan dira EuskarAbentura 2019 espedizioa Maulen abentura nomadari ekin zionetik. Azken bost egunak Nafarroa Garaian barrena eman dituzte, zehazki, Donejakue bide frantsesak markatzen duen ibilbidea egiten. Datozen lau egunetan, ordea, Araba zeharkatuko dute.

NAIZ|2019/07/11
Loading player...

Hilaren 5ean sartu ziren, Orreagatik, eta Auritzen eman zuten gau hura. Biharamunean, 19 kilometroko etapari heldu zioten. Batez ere beheranzkoa izan zen, nahiz eta eguzki gogorrak erruz izerdiarazi zituen gazteak. Konpostelarantz zihoan makina bat erromes zebiltzan bidean eta, beraz, Donejakue fenomenoak inguru horretako herrietan duen inpaktuaren lekuko izan ziren gazteak. Arga ibaiaren gainean XI. mendean eraikitako Errabiaren Zubia izeneko zubi gotikoa zeharkatuta heldu ziren Zubiri herrira. Arratsaldez, orientazio tailerra egin zuten mapak eta iparrorratzak erabiltzen ikasteko eta, besteak beste, eguzkia, haizea eta zuhaitzak interpretatu eta informazio-iturri gisa erabiltzen ikasteko. Gauean, aldiz, Alex Txikon alpinistaren bisita sorpresa jaso zuten. Lemoakoak bere ibilbidearen errepasoa egin zuen, baita K2ra neguan egindako espedizioaren detaileak argitu ere. Baina, nagusiki, mendizaletasunari lotutako baloreez aritu zitzaien.

Uztailaren 7ko etapa borobila izan zen, Iruñera eraman baitzuen taldea, San Fermin egun betean. Ohi baino jendetsuago izan zen atapa hau, izan ere, lehendabiziko Belaunaldi Arteko Eguna ospatu zuen EuskarAbenturak. Iazko ‘beteranoak’ aurtengo partaide berriekin etapa oso bat partekatzeko aukera izan zuten. Dudarik gabe, orain arteko egunik eta osoenetako bat izan zen Maueltik atera zenetik.

Gares helmuga, gari soro eta ekilore artean

Hurrengo etapak Gares zuen helmuga eta 23 kilometroko bidea. Gari-soro eta ekilore artean egin zuen aurrera taldeak Erreniega magalean gora. Arratsaldean Koldo Colomo bertako euskara teknikariak hartu zituen, eta soziolinguistika saio egokitua egin zuten harekin: euskararen jatorriaz, Nafarroako egungo egoeraz, eta oinarrizko soziolinguistika kontzeptuez.

Eta Garestik Lizarrara. Erromesen Atea zeharkatuta eta Gares aurtengo Korrikaren abiapuntua izan zela oroitarazten duen lekukoa atzean utzita ekin zioten bideari: beste 23 kilometro. Lainoek ilundu zuten zerua etapa osoan zehar baina, ekaitz solteren bat salbu, lehor antzean joan zen eguna. Uztailaren 9a izan zen, baita ere, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko ‘Boteredunen dinamika’ martxan jartzeko eguna. Masailean bihotz bat marraztuta zeramaten 30 partaideek ‘ahobizi’ rola hartu zuten eta, trukean, besarkadak eta musuak eskatzeko pribilegioa irabazi zuten.

Atzokoa izan zen EuskarAbentura 2019 espedizioak Nafarroa Garaian pasatu zuen azken eguna. Etaparen lehendabiziko 19 kilometroak autobusez egin zituzten eta beste 19ak oinez. Giro sargoria izan zuten, aurreko egunetan pilatutako nekea nabaritu zuten ezinbestean eta, hortaz, gustura hartu zituzten arratsaldeko ur-jolasak. Jarraian, Zurrumurruen Kontrako Estrategiaren bidetik, etorkinen aurkako estereotipo eta aurreiritzi arrazistak deseraikitzeko saioa egin zuten Ruben Sanchez bertsolariarekin batera.

EuskaraAbenturaren irudi ederrenak argazki galeria biltzen ari gara, ikusteko, klikatu HEMEN.