Sormen Beka Da-ren deialdia zabaldu dute bigarren urtez

2020. urteko Durangoko Azokaren baitan ezagutzera emango dute zein proiektu den irabazlea. Helburua euskarazko sorkuntza sustatzea da, eta sortzaile berriei bidea erraztea.

Naiz|Durango|2019/07/15 07:10
Sormenbeka
Bekaren nondik norakoak gaur goizean aurkeztu dituzte. (NAIZ)

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak bigarren urtez abian jarri dute 2020ko Durangoko Azokan emango duten Sormen Beka Da. Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da.

Kultur sorkuntzaren barruan Durangoko Azokak bere baitan hartzen dituen diziplinak izango dira kontuan: literatura, musika, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak. Aurkez  daitekeen proposamena diziplina bakarra edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke. Baina, deialdi bakoitzean diziplina bat hartuko da oinarritzat.

2019an, musika izango da oinarri, edozein generotakoa. Sortzaile berriei zuzendutako beka izango da, alegia, gehienez lan bakarra izan dezaketeke kaleratua; banaka zein taldeka aurkeztu ahalko dira, 18 urtetik gora badute beti ere. Bekaren saria 15.000 euro izango dira musika proiektua aurrera atera ahal izateko. 

Proiektuak aurkezteko epea irailaren 21a 18.00etan itxiko dute. Proposamenak gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidali beharko dira. Aurkeztu beharreko dokumentuak honakoak izango dira: eskaera formularioa, kurrikuluma eta portfolioa, proiektuaren memoria eta lanaren lagina mp3 formatuan. 

Irabazlea aukeratzeko kontutan hartuko diren irizpideak proiektuaren kalitatea, originaltasuna, hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa izango dira.