Maite UBIRIA

Zigor Garro presoak egun bateko irteera baimena izan zuen atzo

Zigor Garro Perez euskal presoak egun batez kartzela uzteko aukera izan zuen, atzo. Goizeko 8.30ean Mont-de-Marsango kartzelatik atera eta arratsaldeko 18.30ean bertara itzultzeko baimena jaso zuen, «bere askatasuna prestatzeko prozeduraren baitan kokatzen zen lanari loturiko desmartxa bat egin ahal izateko», bere abokatuak baieztatu duenez.

Zigor Garro, iaz Zokoan, amaren hiletara ekarri zutenean. (Bob EDME)
Zigor Garro, iaz Zokoan, amaren hiletara ekarri zutenean. (Bob EDME)

Zigorren Aplikaziorako epaileak Zigor Garroren defentsak aurkeztu zuen eskaera aintzat eman ondoren, euskal presoak egun baterako baimena eskuratu zuen.

Jujeak harturiko erabakiaren arabera, goizeko 8.30ean kartzelatik atera eta arratsaldeko 18.30ak arte kartzelatik kanpo izateko aukera izan zuen oreretarrak.

Bere abokatuak, Maritxu Paulus-Basurcok NAIZi azaldu dionaren arabera, zigorraren aplikazioa egokitzeko prozeduraren baitan eskaera luzatu zion jujeari baimena lortzeko.

Fiskalak ez zuen eragozpenik azaldu eta egoera horretan Garro kartzelatik atera ahal izan zen, askatasuna berreskuratuko duenean –heldu den urteko maiatzean beranduenez bukatuko du bere kondena– garatuko duen lan egitasmoari loturiko hitzordu batean egon ahal izateko.

Zigor Garro Perez 2006ko azaroaren 29an atzeman zuten Estatu frantsesean ETA erakundeko logistika aparatuaren arduraduna zelakoan. Orotara 17 urteko kartzela zigorra jaso zuen.

St. Maur-eko kartzelan (Baionatik 535 kilometro) zelarik, 2018ko otsailean Mont-de Marsaneko espetxera (Baionatik 103 kilometro) lekualdatu zuten.

Lehenengo bi hurbilketa

Osnytik heldu den Julen Mendizabal eta Garro izan ziren Iparraldeko delegazioarekin lan esparru bat zabaldu ondoren Frantziako gobernuak hurbilarazi zituen lehenengo bi euskal presoak. Gaur egun, Mont-de-Marsan eta Lannemezango espetxeetan guztira 25 euskal preso daude.

Hain zuzen ere, Garroren hurbilketa gauzatu baino egun batzuk lehenago, preso oreretarra St. Maur-etik Zokoara ekarri zuten.

Ama bizirik zelarik azkeneko agurra emateko aukerarik ez zuen izan. Alta, Paki Perez hil ondoren Zokoako elizan familiak bere alde antolaturiko hileta elizkizunetan parte ahal izan zuen Zigor Garrok.

Bertan bere ama erietxean zelarik idatzi zion –eta garaiz ez zen iritsi– eskutitza irakurri zuen.