Haritz Larrañaga

Lorentxa Beyrie presoaren baldintzapeko askatasuna onartu du epaileak

Zigor aplikazioen epaileak ontzat eman du Lorentxa Beyrie presoak baldintzapean aske geratzeko egin azken eskaera. Prokuradoreak bihar gauerdia arteko epea dauka epailearen erabakia errekurritzeko. Errekurtsorik ez bada, baldintza gogorrekin, baina aske geratuko da 18 urte preso daraman kanbotarra.

Ekainaren 21ean Kanboko herriko etxearen aitzinean Lorentxa sostengatzeko egin zen elkarretaratzea.  (Guillaume FAUVEAU)
Ekainaren 21ean Kanboko herriko etxearen aitzinean Lorentxa sostengatzeko egin zen elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Ekainaren 21ean aztertu zuten Lorentxa Beyriek egindako hirugarren baldintzapeko askatasunun eskaera,  Kanboko bizilaguna preso dagoen Roanneko espetxean, Euskal Herritik 683 kilometrora, eta gaur arratsaldean eman du Zigor Aplikazioen epaileak hartutako erabakiaren berri. Baldintza zorrotzekin, baina euskal presoa aske uztearen aldekoa da epailea.

Orain fiskaltzaren esku dago baldintzapeko askatasun hori gauza dadin uztea edo trabak ezartzea. Errekurtsoa jartzeko hamar egun izango ditu prokuradoreak. Errekurtsoa lehen 24 orduetan ezartzen bada Beyriek preso jarraitu beharko du, baina 24 ordu pasa ostean errekurtsorik jartzen ez bada, Kanboko presoa baldintzapean kaleratua izateko prozedura abiatuko da, eta ondorioz, epaiaren berri espetxetik kanpo jakin ahal izango du.

Amaia Beyrie, Kanboko presoaren ahizpak azaldu duenez, «berri ona da, baiezkoa jaso duen lehen aldia baita, baina orain, prokuradoreak zer egingo ote duen zain egotea zaila da». Aurrez bi bider egin zituen baldintzapeko askatasun eskaerak Lorentxa Beyriek, eta bi kasuetan eskaerak errefusatuak izan ziren, prokuradorearen iritziz Beyriek ezarritako baldintzak ez betetzeko arriskua zegoelako eta «lehengo jardunera itzuli» zitekeelako.