Hamar egunetan Mediterranora itzultzeko asmoa du Aita Marik

Pasaian dagoen Aita Mari euskal itsasontzia abuztu bukaerarako Mediterraneon lanean egon daiteke berriz, Iñigo Mijangos SMHko presidenteak iragarri duenez. «Egingo dugun guztia legea betez izango da», adierazi du. Tripulazioko kideak bidean dira.

NAIZ|2019/08/15 14:33
Aitamari
Aita Mari eta orduko tripulazioa, pasa den urtarrilean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Open Arms eta Ocean Viking guztion ahotan dauden honetan, gaur jakinarazi da Aita Mari euskal itsasontzia ere laster atera daitekeela berriz Mediterraneora, etorkinak laguntzeko asmoz. Jakina denez, itsasoratu zenetik traba administratibo-politikoak izan ditu lan honetarako egokitutako atunontzia zenak, bai eta zenbait arazo tekniko ere.

Pasaiako kaian dago ekainaren 30tik, egokitzapenak eta hobekuntzak eginez, baina asmoa abuztu bukaeran berriz Mediterraneo aldera joatekoa dela baieztatu dio Efe ajentziari Iñigo Mijangosek. Salvamento Maritimo Humanitario (SHM) erakundeko presidentea da, itsasontzia kudeatzen duen Gobernuz Kanpoko Erakundea hain zuzen ere.

Mijangosek esan duenez, itsasontziak behar duen guztia kargatzen hasi dira eta tripulazioa osatzeko falta diren kideak Pasaiarako bidean dira, guztiak hurrengo astean batzeko asmoz.

Traba legalei dagokienez, hauxe esan du Mijangosek: «Ez dakigu zer egingo dugun zehazki, baina egingo duguna legea betez izango da». Bereziki osasun arloko laguntza ematen ibili zen Aita Mari Greziako kostaldean, udaberrian, hasierako aurreikuspena Mediterraneon hiltzeko arrisku larrian diren etorkinak erreskatzekoa zen arren.

Abuztuaren 24tik 26rako data buruan dute SHMko kideek, beren lana berrabiatzeko. Oraindik ez dute honetarako baimenik eskatu, Mijangosen hitzetan, baina ez dago horrekin kezkatuta, «egun batetik bestera» egin daitekeela. Edozein kasutan, baimena «garbia» izatea eskatu du, «muga neurririk» gabekoa alegia.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK