Kronika
 
Bertsolaritzak haizea alde duenean

Haizea alde edo kontra? Bertsolaritzak duen osasunari eta azken urteetan gizartean ideiak zabaltzeko duen gaitasunari erreparatuz, gauzak ondo egiten ari direla esan daiteke. Belaunaldi berriak, ordea, ate joka datoz eta haiekin enpatizatzen asmatzea ez da batere erraza izango.

Nagore BELASTEGI|Donostia|2019/08/23 15:44
Bertsolariak
Miren Aetrtxe, Oihana Iguaran eta Jon Maia bertsolariak, Alberto Irazu rock aditua eta Harkaitz Zubiri moderatzailearekin batera.(MINTZOLA)

Bertsolaritza aldatu egin da, eta aldatu egingo da. Aldaketa horiei buruz gogoeta azkarra egin dute gaur eguerdian Miramar jauregian Jon Maia, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsolariek egin duten mahai inguruan, EHUko Uda Ikastaroen baitan. Norberaren esperientziatik, inguratzen dituzten mundura ekarri dituzte euren ideiak.

Bertsolaritza dute hizpide atzo hasi eta gaur arratsaldean amaituko den ikastaroan, baina ‘Bertsolaritza artikulatzen; haizea alde eta kontra’ saioan aske mintzatu dira gai desberdinez. Hasteko, bertsolaritzan ‘normaltzat’ hartzen denaren inguruan aritu dira. Hala, Artetxek esan du erosoagoa dela bazterrean kokatzea eta denok dugula estrategia bat erdigunetik baztertzeko.

Maiak, berriz, bera ia beti «anormala» sentitu dela aitortu du: bertsolari mantsotzat hartua izan da, eta orain abiadura du zeinu, serioa eta poetikoa dela esan ohi dute, baina azken aldian gai umoretsuak egokitzen dizkiote. Hasieran «subeuskalduna» sentitzen zela esan du, eta bere abizenek lotsarazten zutela. Abizen erdaldunak izateagatik, bertsolaritzaren osasuna mantentzeko euren gaitasuna zalantzan jartzen omen zen.

Denborak bakoitza bere lekuan jarri du, baina Maiarentzat orain dagoen erronka begirada euskal identitate berri batean jartzea da, «sekta bat ez izateko, belaunaldi berriak beste mundu batera begira» bizi direlako. «Gure garaian ezinezkoa zen bertsozalea eta rockzalea izatea, oso arraroa zen. Orain munduko gauzarik normalena da, baina Berri Txarrak [edo rocka] beharrean Justin Bieber da», esan du gazteen gustuei keinu bat eginez.

Horrekin lotuta, euskaldun zahar eta berrien kontzeptuak bertan behera utzi beharko liratekeela proposatu du Urretxukoak, etiketa horiek hiztunak sailkatzen dituelako. Testuinguru horretan, publiko bezala zegoen Manu Bendala Gasteizko bertsolari andaluziarrak azpimarratu du berak bertso eskolan izena eman zuela euskararen ezagutzan sakontzeko, bertsolaritzan akatsak egitea jolas moduan hartzen duelako.

Horren harira, Artetxek bere ideia gehitu du: «Zure buruari bertsotan akatsak egiteko permisibitate handiagoa ematen diozula diozu. Hori Gasteizen gertatzen da, baina jakin nahiko nuke ea euskararen arnasgune batean berdina gertatzen den, zeren nik uste dut kontrakoa gertatzen dela», adierazi du batzuetan bertsotan zuzentasun eza gaizki ikusten dela aipatuz.

Iguaranentzat Arabako bertsolaritzak «asmatu» egin du akatsa jolasaren barruan sartzean, «ikasteko oso inportatea» izan delako beti.