17 atxilotu eta kontragailurreko kanpalekura sartu da polizia

Arratsaldean 250 bat manifestari Urruñatik abiatu dira, eta kontragailurreko kanpalekura itzuli direnean, istiluak izan dira poliziekin. 17 atxilotu izan dira. Antolakuntzatik kanpoko jendea izan da, eta antolatzaileak bitartekaritza lana egiten saiatu dira. Poliziak gas negar-eragileak eta gomazko bolak bota eta gero joan egin da.

IDOIA ERASO|2019/08/23 18:34
Istilu
Barrikadak gaur arratsaldean Urruñan, G7aren aurka. (NAIZ)

G7 honen aurkako mobilizazio garrantzitsuena bihar larunbat goizean deitua dago, kontragailurra antolatu duten eragileek deitua. Baina gaur arratsaldean kontragailurreko akanpalekuan dauden, baina horiekin bat egiten ez duten 250 manifestari inguruk beren haserrea adierazi dute. Istiluak izan dira eta 17 atxilotu egon dira.

Urruña inguruan abiatu da martxa, erlaitzean zehar manifestatu ondoren, kanpalekura heldu direnean enfrentamenduak egon dira poliziekin, nahiz eta kontragailurreko antolatzailleak, mobilizazioa eta hartu-eman gatazkatxuak eragin dituzten «disidenteekin» harremanetan jartzen saiatu diren, egoera baretzeko.

Manifestazioa Urruñan berean hasi da, eta Leclerc hipermerkatuaren biribilgunera abiatu dira, antza A63 autopista mozteko asmoz, baina lortu gabe, poliziak bidea itxi dielako.

Inguru horretan, bide departamentalean, bi atxilotu izan dira. Ondoren kostaldeko bidea hartu dute, eta erlaitzera bidean beste hamar bat pertsona hartu ditu poliziak, zenbait hartu-eman eta gero. Manifestarien parte handi batek aldiz ez du borroka horren berririk izan, lasaitasuna baitzen nagusi manfiestarien gehiengoaren artean. Pertsona gazte batzuk seinale batzuk bota dituzte.

Jende anitza

Atxiloketen ondoren mobilizazioak aurrera egin du. Protesta egitera hurbildu den jendea kontragailurreko akanpalekutik zetorren, eta jatorri eta ideologia oso ezberdinetakoa zen. Orokorrean kontragailurreko antolatzaileek baino urrunago joateko bildu dira, gaur goizean bertan egin den asanbladan erabaki den protesta honetan parte hartzeko.

Aurpegia kaputxaz estalita zeramaten manifestari batzuek, adin guztietakoak baina gehienbat gazteak, eta G7aren aurkako frantsesez eta ingelesez idatziriko aldarria erakutsi dute. "Rond-point ta guele / Welcome to paradise" idatzita zegoen pankartaren atzean joan da martxa denbora gehiena, baina bidea hautatzeko momentu batzuetan, norabide zehatzik gabe ibiltzen zela ikusirik, taldea desegin da, berriz gero elkartu arte.

Polizikideak mobilizazioaren ondo-ondoan jarri dira zenbait unetan, baina denbora gehiena urrundik kontrolatu dute, eta tarte luze batzuetan ikusi ere ez zen egiten. Gurutzebide batzuetan eta biribilguneetan eman dira, manifestariak akanpalekura bidean emateko, puntu horietan izan dira atxilotuak. Martxa akanpalekura heldu denean gora-beherak sortu dira.

Manifestazioaren atzean 15 furgoneta, hamarnaka motor eta 200 bat gendarme ibili dira, manifestarien gainetik joaten zen drona kontrolatzen, eta inguruan zebilen helikopteroaren azpian.

G7a larunbatean arratsaldeko azken orduan hasiko da, Emmanuel Macronek beste mandatariei egingo dien harrerarekin. Momentuz ez da jakitera eman nola eta nondik helduko diren Biarritzera. Eta 20.000 polizikidetik gora jarri dute G7 honen zerbitzura.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK