NAIZ
DEBA

Deba eta Mutriku arteko errepidea astearte honetan zabalduko dute

Deba eta Mutriku artean GI-638 errepidean astearte honetan irekiko dute, bi noranzkoetan, lau hilabetez itxita egon ostean.

Aintzane Oiarbide foru diputatuak Deba eta Mutriku arteko errepideko lanak bisitatu ditu. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)
Aintzane Oiarbide foru diputatuak Deba eta Mutriku arteko errepideko lanak bisitatu ditu. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Gipuzkoako Foru Aldundia Deba eta Mutriku artean GI-638 errepidean egiten ari den lanak bisitatu ditu Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, eta trafikoa bi noranzkoetan asteartean irekiko dela iragarri du, irailaren 3an.

Errepidea trafikora zabaltzea goizean egingo da, zirkulazioaren noranzkoa kontuan hartuz: 10.00ak aldera Mutrikuko noranzkoan irekiko da, eta 11.00etan Debarako noranzkoan. GI-3230 errepidean, Kalbarioko gainetik, ibilgailuak eta bizikletak igarotzeko murrizketak eta gehienezko pisu mugak asteazkenean kenduko dira, irailaren 4an.

Zati hori itxita egon den lau hilabeteetan, Ipitxarriko bihurgunean eta Alkoleako tunel berrian lanean aritu dira batez ere, Oiarbidek azaldu duenez. Plataformaren zabalgunea eta oinezkoen pasealekuko egitura ere ia bukatuta daude zati nagusian.

Horrela, asteartetik aurrera, orain arte Mutrikura GI-3230 errepidetik sartu behar zuten ibilgailuek berriro ere kostako errepidea erabili ahal izango dute. Hala ere, Bide Azpiegituretako diputatuak gogorarazi duenez, kostako errepidearen zati horrek obretan jarraituko du: «Ezin dugu ahaztu proiektua amaitu arte, beste bost hilabetez, lanek etenik gabe jarraituko dutela eta errei baten mozketak egin beharko direla».

«Egin beharreko lanik garrantzitsuenak honako hauek dira: Alkoleako tunela gauzatzea, garbiguneko hormaren egonkortzea eta puntu horretan oinezkoentzako plataforma eta pasealekua zabaltzea, Ondarbeltz horman hegalkina egitea eta ingurumena lehengoratzea», azaldu du.

Lanak otsailean hasi ziren, hamar milioi euroko aurrekontuarekin, eta helburua da GI-638 errepideko segurtasun baldintzak hobetzea, bide horretan aldiro gertatzen diren luizi arazo guztiak konpontzeko.