Sakonean
Balu, artista mundiala

Bartzelonako MACBA museoaren parean ikusgai du bere azken obra Baluk. Aurretik, Euskal Herriko hamaika bazterretan ibili zen artearen ekintzaile mundiala, Berri Txarrak taldearen argazkiak aldean, edo Broadway eta 26. karrikaren kantoian, negu gorrian, Mikel Laboaren eta Fermin Muguruzaren aurpegiak jarri zituen.

Patxi Gaztelumendi|GAUR8
0907_balu1

Berri Txarrak taldearen «Beude» kantua aitzakia hartuta Euskal Herriko hainbat areto, gaztetxe eta kafe antzokitan Lekunberriko taldearen argazkiak jarri zituen

Malevitxen eta Oteizaren eraginez, biei aitortza eginez eta hiru urte lanean aritu ostean, «Espazioa espazioan» obra jarri zuen Bartzelonako MACBA museoaren aurrean

Kantuak, sorkuntza artistikoa, ideiak eta artea uztartzen dituen ekintzailea da Balu. Euskalduna. Munduan. New Yorken Broadway eta 26. karrikaren kantoian Mikel Laboa eta Fermin Muguruzaren aurpegiak paratu zituen, Donostian Oteizaren irudia ikus daiteke paseo berrian, Berri Txarrak taldearen “Beude” kantua aitzakia hartuta Euskal Herriko hainbat areto, gaztetxe eta kafe antzokitan Lekunberriko taldearen argazkiak kolatu zituen. Orain Bartzelonako MACBA museoaren aitzinean obra berri bat estreinatu du, ondoan ditu Chillida eta Oteizaren artelanak. Euskal artista da Balu. Kalean eta sarean ikus daitezke bere lanak.

Velazquez eta Malevitx pintoreak omendu gura izan ditu bere azken artelanean. “Espazioa espazioan” deitu dio artelanari. Eta MACBA museoaren kanpoaldean jarri du, Bartzelonan. Ondoan ditu Chillida eta Oteizaren artelanak. Erdian Baluren “Espacio sobre espacio. Homenaje a Velazquez y Malevich”. Baluk aitortzen duenez, «bai Jorge Oteizak eta baita nik ere Malevitxen iturritik edan dugu, bakoitzak bere bidea landuz, baina espazioa amankomunean daukagu. Azkenean biok gauza berdina bilatzen dugu: espazioa eta espazializazioa». Artistak azaltzen duenez, ikuslea artelanarekin erlazionatzen denean, esperimentatzen duenean, zentzu poetikoa pizten da. Eta horixe bera lortu du Bartzelonako Arte Garaikideko museoaren aitzinean, kalean den jendeak obrarekin elkarreragin du. Skaterrek Baluk paratutako artelana baliatu dute gainetik jauziak egiteko. Bisitari bat obraren gainean jesarri eta pentsakor geratu da. Ibiltariek begiratu eta hausnartu egiten dute. Eta Baluk argazkiak egiten dizkie, sarean hedatzen dituenak. Interakzio poetikoaren berri eman du.

«Oteiza euskal cromlechean oinarritzen da, bere desokupazioan espazio sakratuak sortu zituen gure arbasoek egiten zuten moduan; kondaira eta mitoak berreskuratu eta estetika garaikidea sortu zuen», argi mintzo da Balu maisu eta eredu duen Orioko artistaren gainean. Gaur, artelanak partekatzen dituzte Bartzelonako espazio publikoan. «Oteizak planteatzen duen pentsamenduaren jarraitzaile amorratua naiz, eta iruditzen zait ‘Quousqe tandem!’ liburua euskal biblia moduko bat dela», aitortu du hunkituta. Berak ere Oteiza omentzeko murala egin zuen Donostian, eta egun Udalak babestuta ikus daiteke Paseo Berrian.

Velazquezen airea

Behin, Madrileko Prado Museoa bisitatu ostean kazetariek Dali pintoreari galdetu zioten museoak su hartuz gero zer salbatuko lukeen. Eta Dalik azkar eta irmo, airea babestuko lukeela aitortu zuen, Velazquezen “Las meninas” koadroko airea hain zuzen ere. Velazquezek XVII. mendean margotu zuen koadro horretako airea edo haizea ekarri nahi izan du Baluk bere lanera. «Baina, zer ari da Velazquez margotzen?», galdetzen du artista euskaldunak. «Esan dezakegu artelanak eragiten duena ikuslea koadro barruan sartzea dela, espazioan, non Velazquezen koadroaren galdera alde batera utzi eta benetako protagonista hutsak gu garen, ikusleak. Koadroa esperimentatzen dugu eta, antza denez, bertan azaltzen diren pertsonaiak gurekin harreman estu batean daude», arrazoitu du berak, artearen ikuspegia eta zaletasuna ezkutatu ezinik.

Harro eta pozik dago Balu bere azken artelanarekin. «MACBAn egindako lan hau, nire pentsamendu guztiaren sintesia» da, aitortu du, «mundu txikiz osatutako mundu batean bizi gara, eta gure izaera mundu hauetan guztietan islatu eta mugitzen da». Gure izanak ez du formarik berarentzat, ezin da erraz erreproduzitu. Eta berak ere kristalezko kubo garden bat osatu du horretarako, oinarri zuri baten gainean ezarri duena kalearen erdian. MACBA museoaren aurrean. Jende artean. Jendarteak ikusi ez ezik, artelanarekin elkarreragin dezan. Eta lortu duelako dago kontent artista euskalduna. «Kuboaren izakia hor dago, eta bere barnean bere izana», aldarrikatu du; «badakigu egia ez dela existitzen, gauza guztiak aldaketa etengabe batean daudela eta ondorioz ezagutza ezinezkoa dela. Heraklitok esaten zuen moduan, inoiz ez gara erreka berdinean bi aldiz bustiko, bai gu aldatu garelako bai errekako urak beste batzuk direlako».

Malevitx eta Oteiza gogoan

Abuztuaren 5ean Baluk sare sozialetan eman zuen bere artelanaren berri. Eta mezuak gogorarazten zuenez, aurten 101 urte betetzen dira Kazimir Malevitx artistak “Zuria zuriaren gainean” artelana sortu zuenetik, eta 111 urte Jorge Oteiza Orion jaio zenetik. «Bi eredu nire hezkuntza, sentsibilitate eta pentsamendu artistikoan», Balu beraren hitzetan.

Zuria zuriaren gainean margotu zuen Malevitxek. Espazio hutsa aldarrikatu zuen oriotarrak. Bataren eta bestearen eraginez, eta biei aitortza eginez, eta hiru urte lanean aritu ostean, bere obra jarri zuen Baluk MACBA museoaren aurrean. Kalean. Jendearen ondoan. Garden. Ikusgarri. Tamaina ederrekoa. Eta arestian aitortu bezala, Chillida eta Oteizaren lanen aldamenean. Arte garaikidea da. Edan dituen iturrietatik sortutako ur berria. Teknikak uztartuz, pentsamendua sortuz. Elkarrekintza bilatuz, skate gainean ari diren gazteen argazkiak sarean zabalduz. «Artelanak elkarrizketa sortzen du hiria eta plaza berean daude Chillida eta Oteizaren lanekin, espazioaren okupazio ireki horrek, ikuslearen hurbilpena eta esperientzia estetikoari aukera ematen dio». Hori da bere jardunaren ardatza. Eta lan horretan laburbiltzen da. Hiria, artistak, kalea, ikusleak, hiritarrak, interakzioa eta artelana.

 

 

Broadway eta 26. karrikaren kantoian

Duela bi urte New Yorken zen Balu. “Gaberako aterbea” kanta zuen buruan. Bertold Brecht idazle alemaniarrak idatzi eta Mikel Laboak euskaldunen artean ezagun egindako kantua da. 90eko hamarkadaren hasieran Negu Gorriak taldea sortu zenean, kantaren bertsio bat egin zuen eta letratik bertatik hartu zuen gerora hain ezagun bilakatuko zen taldearen izena. Belaunaldi oso bat markatu zuen taldea izan zen Negu Gorriak, belaunaldi baten jarrera markatu zuena. Laboaren eta gazteen arteko zubi ere bilakatu zen nolabait. Horren erakusle, garaiko taldeek kantariaren omenezko “Txerokee” lana ere plazaratu zuten. Bada, Baluk “Gaberako aterbea” esku hartze artistikoa egin zuen New Yorken. Non eta Brodway eta 26. karrikaren kantoia batzen diren tokian bertan. Mikel Laboaren eta Fermin Muguruzaren aurpegiak prestatu zituen. Makurtu eta irudiok jartzeari ekin zion. Han bertan. Mikel Laboa eta Fermin Muguruza, Broadway eta 26. karrikaren kantoian, negu gorrian. Berriki, esku hartze artistiko hori dela medio “Gu Laboa” dokumentalean agertu da Balu. Mikel Laboaren irudia zelan lantzen zuen ere grabatu zuten “Gu Laboa” dokumentalerako. Pozik dago emaitzarekin Balu, batez ere euskal kulturako erreferente ezberdinekin eragitea posible izan duelako. Artea. Musika. Kultura.

 

«Beude» kantua oinarri, esku hartze artistikoak Euskal Herri osoan

Berri Txarrak taldeak kantu berean sartu zituen Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea, Hondarribiko Psilocybe aretoa edo Lekunberriko kantina. Hazparneko Ttattola, Txantreako Akelarre eta Bilboko Kafe Antzokia. «‘Beude’ neguan epela eman ziguten doinuak, zurekin bizitako kontzertuak» eta zerrendak jarraitzen du, Baionako Zizpa gaztetxea, Gernikako Astra eta etorriko direnak. Bonberenea, Plateruena, Hala Bedi eta Gasteiz osoa… gure kulturaren birikak zioen kantuak. Eta zubi ikusezinen faktoria lanean jarri zen. Baluk Berri Txarrak hirukotearen irudiak hartu eta moldatu zituen, zuri-beltzean eta oso tamaina ederrean sortatxoa atondu zuen. Bartzelonatik Euskal Herrira etorri, eta aretoz areto, inork ezer ez zekiela hormetan paratu zituen. Durangon, Hazparnen, Bilbon edo Gasteizen. Berri Txarrak taldearen “Infrasoinuak” azken diskoko kantua da “Beude”, eta bertan Euskal Herriko areto eta gaztetxeak omentzen dira. Bada, omenaldi bizia izan zen Baluk egin zuena.

«Berri Txarrak taldea 14 urte nituenetik entzuten dut eta haien ibilbideari omenaldi bat egin nahi nion» esanez jarri dio testuingurua Baluk egindako esku hartze artistikoari. «Nire lana beti lekuarekin erlazio sendoan dago eta lehen aldiz ‘Beude’ abestia entzun nuenean argi neukan zer egin, abestian aipatzen dituzten tokietara joan eta bertan taldearen lana ezarri». Pentsatu eta ekin. Abestia «euskal musikari eta kulturari omenaldia da» Balurentzat eta, modu batean, Berri Txarrak taldearen “Beude” abestia «fisiko egin da esku hartzearen ondorioz». 11 herri, 11 irudi. Eta mila kilometro baino gehiago batetik bestera.

Lana gauez egin zuen, eta, batetik bestera azkar mugituz, kantu batean jositakoak irudi bidez jantzi zituen. Biharamunetik hasita, egun gutxiren buruan sare sozialetan argazki guztiak plazaratu ziren. Eta Balu artistaren jarduna apur bat ezagunagoa bilakatu zen, gauetik goizera. Egunsentiarekin. «Harrera oso ona eduki zuen bai taldearen eta bai herritar eta zaleengan. Esan bezala, herritarra lanaren esanahiaz jabetzean, lortzen dena lanaren eta tokiaren parte izatea da». Filosofia edo lan egiteko modu hori ditu ardatz Baluk. Artearen oinarrian kultura eta jendea ezartzen ditu. Eta musikak eragindako emozioek artea zelan sortzen duten ikusi genuen guztiok. Beste behin.

 

 

«Black is Beltza», Esne Beltza edo Izaro, musika eta artea kalean Herri osoan

Musika eta kultura popularra maiz izan da artisten sorkuntzaren iturri. Horrela da Baluren kasuan ere. Oteiza eta Chillidaren lanak erreferentzia izan dituen artistak jakin du bi artistok bere herrian omentzen. Eta beste artista asko ere bai. Musikari askoren erreferentziak sumatzen dira Baluren esku hartze artistikoetan. NAIZ.eus atarian jarritako argazki bilduman ikusten denez, ugariak dira bere erreferentziak eta sasoi ezberdinetan artistekin beraiekin ere jardun izan da. Iazko Zinemaldian kasurako, “Black is beltza” animazio filmaren estreinaldiaren karietara, Donostiako txoko eta bazter ezberdinetan ekintzaile beltz ugariren irudiak paratu zituen Baluk. Pelikulan parte hartu zuten artista eta ekoizleek ere izan zuten Malcolm X edo Angela Davisen ondoan argazkia egiteko aukera. Xabi Solano edo Izaro artisten irudiekin ere osatu ditu muralak Baluk. Eta argi dago, bere sorkuntzarako iturri amaigabea dela euskal musika.

Baluk aitortzen duenez, «erbestean egonda, euskal musikak euskal kulturara eta Euskal Herrira eramaten nau, niretzako hori mantentzea oso garrantzitsua da, nire izanaren alde garrantzitsua baita». Bere esanetan, hainbat musikarirekin lan egitea «ohore handia» da. «Musika nire zainetan dago, eta, horrelako elkarlanak egiten ditudanean, hor sortzen denak beste diziplina baten bidea irekitzen digu, poesia». Herritarrak lanokin harremanean daudenean eta lanon mamiaz jabetzen direnean, «zentzu poetikoa» pizten dela uste du Baluk: «Herritarren memoria kolektiboan geratu eta hiriaren parte bilakatzen da. Hori lortzeak nire izana zeharo betetzen du».