Asisko Urmeneta, euskal komikigintzaren ordezkari Bruselako azokan

Euskal marrazkilaria Bruselan egingo den Fête de la BD - Strip Fest jaialdi entzutetsuan izango da, irailaren 13tik 15era. Urtero, 100.000 bisitari eta 250 egile elkartzen ditu jaialdiak eta, aurten, Asisko Urmeneta egongo da horien artean, Etxepare Institutuak jakinarazi duenez.

NAIZ|DONOSTIA|2019/09/10
Asisko
Asisko Urmeneta, ‘AztiHitza’ lana aurkeztu zuenean, iaz. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Asisko Urmeneta egile nafarrak (Iruñea, 1965) komikia, ilustrazioa, marrazki bizidunak eta karikatura landu izan ditu, besteak beste. Umorea izan du ardatz, eta hizkuntza eta dialektoak lagun. Datozen egunetan Bruselako Fête de la BD jaialdian izango da. 

Bi ekintzatan hartuko du parte euskal ordezkariak Bruselako jaialdian, biak larunbatean, irailaren 14an. Batetik, goizeko 11.00etan lantegi bat eskainiko du frantsesez, ‘Caricature, graphic design and sequential art’ izenburupean (Karikatura, diseinu grafikoa eta arte sekuentziala). Egun berean, 16.00etan, beste lantegi bat eskainiko du Paulo Monteiro artista portugaldarrarekin batera: ‘Creating comics when you don't know how to draw’ (Komikiak egitea marrazten jakin gabe), ingelesez eta frantsesez.

Azokak iraungo duen egunetan zehar bere lan batzuk ikusgai egongo dira standaren ondoko espazio batean, EUNICen parte diren gainontzeko artisten lanekin batera, parte hartzaile diren herrialdeetako komikigintzaren aniztasuna erakusteko asmoz. Horrez gain, azokara gonbidatuak izan diren EUNIC sareko autore guztiek azokaren egunetan zehar euren liburua sinatzeko tarte bat izango dute, Asisko Urmenetaren kasuan, ‘AztiHitza’ (2018).

Jaialdi garrantzitsua

Fête de la BD - Strip Fest jaialdia 2010ean sortu zen, eta komikiarekin loturiko hamaika lantegi, hitzaldi, aurkezpen, mahai inguru eta erakusketa eskainiko ditu berriz ere. Horrez gain, Europa osoko editoreek euren argitalpenak eta nobedadeak erakutsiko dituzte.

Nazioarteko pabilioian, EUNICek antolatutako standean egongo dira kokatuta euskal komikiak, sare horretako kide diren beste hainbat herrialdetako argitalpenekin batera, hala nola Estonia, Polonia, Hungaria, Lituania, Israel, Finlandia edota Portugal. Bertaratzen direnek Euskal Herrian euskaraz zein gaztelaniaz ekoitzitako lanak aurkituko dituzte postuan; era horretan, sektoreko editoreek, profesionalek eta publikoak orokorrean euskal komikigintza hobeto ezagutzeko aukera izango dute.