NAIZ
DONOSTIA

Lanku beka, ‘Ez daitezela ahaztu’ proiektuarentzat

Mariñe Arbeo eta Ane Labakak jaso dute saria gaur goizean, Martin Ugalde Kultur Parkean. Txakur Gorria Sormen kolektiboak urte bukaera baino lehen proiektua aurkezteko konpromisoa du orain.

Mariñe Arbeo eta Ane Labaka sarituak Txakur Gorria Sormen Kolektiboko kideak dira. (LANKU)
Mariñe Arbeo eta Ane Labaka sarituak Txakur Gorria Sormen Kolektiboko kideak dira. (LANKU)

Txakur Gorria Sormen Kolektiboarentzat da aurtengo Lanku Beka, ‘Ez daitezela ahaztu’ izeneko proiektuari esker. Mariñe Arbeo eta Ane Labaka taldekideek jaso dute gaur Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Beñat Gaztelurrutia Lanku Kultur Zerbitzuetako lehendakariaren eskutik. Bertsolaritzaren genealogia feministari begira, historia berridazteko edo berrirakurtzeko modu bat eskaintzea du helburu proiektuak.

Proiektu saridunak 3.000€ko ordainsaria jaso du, eta ‘Ez daitezela ahaztu’ emanaldia urte bukaera baino lehen estreinatzeko ardura dute sortzaileek. Aipatu bekak SGAE Fundazioaren laguntza jaso du.

Lanku Kultur Zerbitzuak enpresak bertso edukien sormenerako sortu duen bekaren hirugarren edizioa izan da aurtengoa. Bekaren helburuak bi dira: batetik, bertsolaritza muinean duten emanaldi berriak sortzea eta laguntzea, eta bestetik, sortzaileen eta Lankuren arteko elkarlana sustatzea.

Aurreko bi edizioetan ‘Erradikalak gara’ (Ane Labaka, bertsolaria eta Beatriz Egizabal, antzerkilaria) eta ‘Gorria’ (Miren Amuriza, bertsolaria eta Askoa Etxebarrieta, flamenko dantzaria) proiektuek jaso zuten saria. Bi proiektu hauetatik sortutako emanaldiek hainbat eta hainbat emanaldi dituzte programatuta ondorengo hilabeteetarako Euskal Herrian zehar.