EAEko bost langiletik bik du hitzarmena indarraldi betean, iaz baino %3,4 gehiagok

Lan Harremanen Kontseiluak EAEko egoera soziolaboralari buruzko lehen seihilabeteko txostena argitaratu du ostegun honetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %41,4k du sektoreko lan-hitzarmena indarraldi betean –horietatik %7,2k aurten berritua–; iaz epe berdinean baino %3,4 gehiagok.

NAIZ|2019/09/12 17:50
Metalgintza_greba
Bizkaiko metalgintzako langileen mobilizazioa, lan-hitzarmena berritzeko aldarriarekin.(Marisol RAMIREZ / FOKU)

Lan Harremanen Kontseiluak ostegun honetan argitaratu du EAEko egoera soziolaboralari buruzko aurreneko seihilabeteko txostena. Ondorio nagusia da, 2018. urtearen amaiera aldera eguneratu ziren akordioei esker gora egin duela sektoreko hitzarmena indarraldi betean duten langileen portzentaiak. Urte hasieran %34,2k zuen indarraldi betean akordioa eta urtean zehar langileen %7,2k ikusi du eguneraketa bere hitzarmenean. Hau da, ekainean %41,4 langile zegoen indarraldi beteko akordioekin babestuta.

Nabarmendu behar da indarraldi betean dauden hitzarmenen eraginpean dauden langileen portzentaia –hau da eguneratutakoak– duela bost urtekoaren paretsu agertzen dela; hau da, 2014tik erregistratzen den daturik onena da. Orduan %43,3 langilek zuten eguneratuta akordioa. 

Enpresa arloko hitzarmenei dagokienez, %49,3 langilek dute indarraldi beteko hitzarmena. Hemen, apenas daude iraungitako hitzarmenik (%0,20 langile daude hitzarmenik gabe) eta langileen erdiek ikusi dute beraien ituna luzatuta, berrikuntzarik gabe.

Lan Harremanen Kontseiluak nabarmendu du iraungiak izan diren sektoreko hitzarmen gehiago eman direla aurtengo lehen seihilekoan iazkoarekin alderatuta baina aldaera hau urtearen hasieran Ingenieritza eta Ikerketa Tekinoetarako Bulegoen Hitzarmena iraungi izanak eragin duela. Honek, 16.000 langileri baino gehiagori iraungi zien eta horregatik egin du %2,6 gora hitzarmenik ez duten langileen portzentaiak.

Araba da ituna eguneratuta duten langile gehien duen herrialdea (%54,2); Bizkaiak jarraitzen dio %48,4rekin eta Gipuzkoako langileen %19k du eguneratuta. Guztietan eman da goranzko joera, handiena Bizkaian %7,4ko hazkundearekin.

Grebak gora, eragina behera

2019ko lehenengo hiruhilekoan iaz baino greba gehiago zenbatu ziren (%37,3); greba hauen eraginpean zeuden langileak edo greben iraupenak, aldiz, murriztu egin ziren –%70,9 eta %16,1, hurrenez hurren–.

EAEko hitzarmenetan soldata hobekuntza txikiagoa erregistratu da, Estatu espainoleko akordioekin alderatuz gero. %1,91ko igoera sinatu dute EAEko lurralde arteko hitzarmenetan; Estatu espainolean, aldiz, %2,2koa. Bestalde, enpresa eremukoetakoan hazkuntza txikiagoa izan da sektore arlokoetan baino.

Enplegu erregulazioko espedienteek beheranzko joerarekin jarraitzen dute; %20 gutxitu dira. Eraginpeko langileak, aldiz, %6,7 bakarrik murriztu dira.

Aldi baterako kontratuen igoera

Lan Harremanen Kontseiluaren txostenak ere jasotzen ditu urteko aurreneko seihilekoan EAEn egin diren kontratu motak eta aldi baterako kontratuek gora egin dute, %0,5. Kontratazio mugagabea, ordea, %7,3 txikitu da, betiere 2018ko epe berberarekin alderatuta.

Lanaldi osoko kontratuek ere behera egin dute, gutxigatik bada ere, lanaldi partzialekoak mantendu egin dira eta gorantz nabarmen egin dute aldizkako finkoek (%40,8).