Haritz Mujikak irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioa

Haritz Mujika izan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final-zortzireneko irabazlea eta final-laurdenetarako txartela eskuratu du. Oñatik jokatu da lehen saioa; igande honetan bigarrena, Amasa-Villabonan.

NAIZ|OÑATI|2019/09/14 21:12
Haritz_mujika
Haritz Mujika izan da Oñatiko saioko irabazlea.

Gipuzkoako Bertsolari Txapeletako lehen final-zortzirena jokatu dute gaur arratsaldean Oñatiko Santa Ana antzokian. Bete egin da aretoa, izan ere sarrera guztiak agortuta abiatu da lehiaketa.

Haritz Mujika izan da irabazlea eta urriaren 20an Irunen jokatuko den final-laurdenerako txartela lortu du. 447 puntu jaso ditu asteasuarrak.

Bigarren postuan Maider Arregi sailkatu da, 436 punturekin: hirugarren Felix Zubia, 428,5 punturekin; laugarren Amaia Iturriotz, 416,5 punturekin; bosgarren Aratz Igartzabal, 403 punturekin eta seigarren Andoni Mujika izan da, 380,5 punturekin.

Aurkezle lanetan Iban Narbaiza aritu da eta epaimahaiko kideak hurrengoak izan dira: Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga. Idazkari lanetan, berriz, Ane Errazkin jardun da.

Igande honetan Amasa-Villabonan jokatuko da final-zortzirenetako bigarren saioa, 17.00etan Gurea antzokian. Beñat Iguaran, Oier Etxeberria, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzizidor, Odei Lopez eta Maialen Akizu ariko dira oholtza gainean, aurkezle lanak Eresti Oiarbidek egingo ditu eta epaimahaikideak Oñatin jardun duten berberak izango dira. Idazkari lanetan Gorka Segurola ariko da. Saio honetako irabazlea ere zuzenean sailkatuko da final-laurdenetara.

Final-zortzirenetako saioetan bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira: binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso; eta kartzela (bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso).