Arnaitz Gorriti

Orio, Eusko Label Ligako txapeldun bandera eta guzti

Hondarribia eta Santurtziri lehia estua irabazi die mirotzek eta matematikoki Liga bereganatu dute. Igoerako playoffetan, berriz, Hondarribiak aldea hartu du emakumeen artean, eta oso lehia estu batean murgildurik, Ares eta Zarautz nabarmendu dira Eusko Label Ligara igo nahian.

Oriok bermatu du azkenean Eusko Label Liga. (FOKU)
Oriok bermatu du azkenean Eusko Label Liga. (FOKU)

«Helbugara iritsita nahikoa genuen, baina kirolari irabazleak gara eta garaipenarekin ospatu nahi genuen Liga irabaztea. Denboraldiko zortzigarren bandera lortu dugu eta falta zitzaigun sari nagusia, Eusko Label Liga, eramatea lortu dugu. Ezin gehiago eskatu». Horra hor Gorka Aranberri Orioko patroiaren hitzak Bermeon Oriok garaipena eskuratu ostean. Ez zuen hainbeste behar «San Nikolasek» Eusko Label Liga matematikoki irabazteko, baina halaxe egin du, Hondarribia eta Santurtzirekin buruz buruko borrokan nagusitu ondoren. Portugaleteko El Corte Ingles banderarekin amaituko da aurten ere traineru denboraldia, baina sasoiak eman ditu berekikoak eta mirotzek merezita eraman dute txapeldunaren koroa.

«Liga hau inork ere ez digu kenduko. Hasi genuen bezala amaitu dugu, estropada irabaziz, eta pozez txoratzen nago», onartu du Jon Salsamendi entrenatzaileak. «Kontxa irabazi ez dugulako arantzaren bat ipini behar al diot aurtengo denboraldiari? Neguan egindako prebisioak aintzat hartuta, erdia egin izan bagenu ere pozik egongo ginateke, eta historian atzera begiratzen badugu, nekez ikusiko dugu urte hobe bat», bukatu du mirotzen entrenatzaileak.

Ohorezko txanda aparta izan da, Zierbenaren lastima bakarrarekin, «galipoak» azkenaurreko postura erori baitira. Dena den, «Soterak» markatu du aurreneko luze aparta, baina lehenengo ziabogaren ostean Hondarribia eta Oriok aurrea hartu dute. Bigarren ziabogan sartu du branka Oriok, eta gutxigatik izan bada ere, eutsi ahal izan dio «Ama Guadalupekoaren»  erasoaren eta baita Santurtzik azken luze gogoangarriarrn aurrean.

Urdaibaikoen irribarrea

Ipar erkialdeko haizeak bultzatuta, itxura batean baino itsaso gehixeago egon da. Horiek hala, Urdaibaik bere nagusitasuna eta etxeko eremua ongi ezagutzea ezarri dute aurreneko txandan, Donostiarra eta Ondarroa bigarren posturako lehian zentratu diren artean. Cabo da Cruz, bestetik, aurreneko luzetik atzean geratu da eta ez da kapaz izan estropadari tamaina hartzeko.Tiranek ere, Eusko Label Ligarako playoofean denborarik eskasena egin duen traineruak alegia, lau segundo atera dizkio Cabori.

Denboraldiko azken aldian noabait gorantz egin du «Bou Bizkaiak» eta aspaldiko partez, gozatu egin ahal izan dute etxeko traineruko arraunlariek, nahiz eta jakin banderarik ez dutela eramango. Hain urte petrala burutu ondoren, ez da gutxi etxean eskaini duten maila. Bigarren postuari begira, donostiarrek arazo handirik gabe argitu dute beren nagusitza, ondarroarrek nahikoa izan baitute orotara seigarren postua bermatuta. Portugaleten izango da traineru sasoiaren azken ostikada.

Playoffen aurreneko jardunaldia

Maila igo edo mantendu, edo jeitsi, horra hor playoffetako saria edo zigorra. Portugeleten erabakiko dira kanporaketak, baina aurreneko jarduanldian Bermeon ikusitakoari so eginez, Hondarribia, alde batetik, eta Ares zein San Pedrok beren alde jarri dituzte kanporaketak.

Euskotren Ligako playoffetan hautagai bakarrak lortuko du emakumeen gorengo mailan bere burua sartzea eta emakumeek ekin diote lanari lehenbizi. Ziabogan Hondarribiak egin du denborarik onena, Hibaikari traineru beteko aldea ateraz. Helmugan, aldeak are eta nabarmenagoak atera ditu «Ama Guadalupekoak», ia bederatzi segundo Hibaikari eta hamahirutik gora Zumaiari.

Eusko Label Ligara begira, berriz, Zarauzko aurrekalaria aurreneko ziabogan erori egin da,eta segundu zenbait bertan laga dituzte eta Tiranek ere lehenengo zaiabogako irteeran arazoak izan ditu, baborreko laugarrenak arrauna hautsita, zenbait palada galdu beharrean izan dela. Sorpresa Deustuk eman du, denbora onenaz ekin baitio. Oso estropada gogorra izan dute, alde handirik gabe partehartzaile guztien artean, nahiz eta hasiera batean Ares eta Deustu nabarmendu diren. Galiziarrek, mailaz igotzeko faborito nagusiak izanik, denborarik oena egin dute, baina Zarauzko «Enbata» sailkatu da «Tomatera»-ren aurretik, traineru eskas bateko aldeaz izan bada ere. Hala, Portugeleten zernahi gertatu liteke oraindik.