Irailaren 28an hasiko da EOS-aren Matineen denboraldi berria

Josu Okiñenaren piano errezital bat eta Miren Urbieta-Vega sopranoak Javier Perez de Azpeitiarekin eskainiko duen kontzertu liriko bat nabarmentzen dira Miramongo Matineen denboraldi berriko hamasei proposamenen artean.

Naiz|Donostia|2019/09/16 12:23
Matine
Aurtengo berrikuntza da jendea eszenatokian eseri ahal izango dela. (NAIZ)

Irailaren 28an hasiko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo Matineen 2018/2020ko denboraldia. 16 kontzertu eskainiko dituzte ziklo honetan, non ganbera musika formatu desberdinak gozatu ahal izango diren. 

Denboraldiko gonbidatu azpimarragarrietako batzuk honakoak izango dira: Josu Okiñena pianojolea, Franz Liszten konposizio ezezagunenetako batzuk interpretatuko dituena; Miren Urbieta-Vega sopranoa eta Javier Perez de Azpeitia pianojolea, elkarrekin, Mozart, Puccini eta Verdi bezalako autore ezagunen obrekin maitasunetik tragediarako ibilbide lirikoa eskainiko dutenak; eta musika barroko eta errenazentistan espezializatutako Ensemble Diatessaron taldea, Italiako Barbara Strozzi musikagile birtuosoaren obrak ardatz hartuko dituena.

Hemiola Laukotea, Barroco eta Original Quintet bezalako taldeek, Orkestrako musikariek osatutakoek, formatu txiki eta intimoko kontzertuak eskainiko dituzte zikloaren baitan. Izaera honetako errezitalek sasoi betean egotea eskatzen diote musikariari, eta protagonismo nabarmenagoa eskaintzen. Aurtengo Denboraldian deigarria da ohiko hari-formazioez gain hain arruntak ez diren beste talde mota batzuk ere izango direla, adibidez, Kolpeka, perkusionistez bakarrik osatutakoa, edo Cuivres en Pays Basque, hogei musikarik konposatutako taldea, horietako gehienak haize metal instrumentujoleak. 

Aipatzekoa da Orkestraren Miramongo egoitzako auditoriuma berritu egin dutela eta orain eszenatoki handiagoa daukala. Horri esker, hobetu egin da orkestrako musikarien antolaera, bai entseguetan, bai bertan eskaintzen diren kontzertuetan. Egoera horrek aukera berri bat eskaini dio zikloari: aurrerantzean, publikoaren parte bat eszenatoki gainean eseri ahal izango da Matinéeetan, musikarien bi alboetara, eta horrek esperientzia musikal gertukoago eta inguratzaileagoa bizitzea ahalbidetuko die.

Matinee kontzertu guztietara joan ahal izateko abonamenduak 84 eurotan daude salgai (tarifa bereziak ere badaude). Sarrera solteak, berriz, 7 eurotan salduko dituzte. Emanaldi guztiak larunbatetan izango dira, 11.00etan, EOSaren Miramongo Donostiako egoitzan.