Batera plataformak deia zabaldu du, Euskal Herria aho batez mintza dadin Parisen

Batera plataformak foro berri bat antolatu du, gaur Baionan, Euskal Elkargoaren bilakaerari buruz hausnartu eta heldu den urteko hauteskundeen testuinguruan airreikusten diren erreformen aurrean gogoeta aitzineratzeko. Jendarteari mobilizatua jarraitzeko gonbita luzatu diote: hautetsiei, berriz, aho batez mintza daitezen Parisen galdetu diete.

NAIZ|BAIONA|2019/09/21 12:35
Guz_forum_batera_bobedme101
Nikolas Blain Baterako bozeramalea, Vicent Simoulin eta Alain Faure ikerlariak ondoan dituela. (Bob EDME)

Forum berri bat antolatu du Batera plataformak datozen hilabeteetan mahai gainean izango diren auzi garrantzitsuak jorratzeko. Larunbat honetan goizean burutu da, Baiona. Besteak beste, Euskal Elkargoaren kudeaketa eta funtzionamendua izan dituzte aztergai Arte Eskolako auditoriumean antolaturiko jardunaldian.

Era berean, Okzitania, Alsazia, Lyon edo Grenobletik heldutako adituen eskutik hainbat lurralde eta hirigunetan indarrean diren erakundetze esperientzien berri eman dute.

Hartara, Alain Faure politikari ikerlaria eta Vincent Simoulin, Tolosako Zientzia Sozialeko unibertsitatean irakaslearen laguntza izan du Baterak eredu ezberdinen arteko gogoeta horri bide emateko.

Baterako bozeramaileek oroitarazi dutenez, hastapeneko helburua ez dute aldatu. Hori dela eta, gaurko foroaren ostean ere Lurralde Kolektibitate bereizi baten alde lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute.

Izan ere, egun Estatu frantsesean pil-pilean diren eztabaidak zein datozen hilabeteetan, bereziki martxoko udal hauteskundeen ondotik, gauzatuko diren erreformek ondorio zuzenak izango dituztela Ipar Euskal Herriko instituzionalizazio prozesuan agerian jarri dute.

Erreforma berriak

Besteak beste, «engaiamendua eta gertutasunari» dagokion lege egitasmoa aztertuko du Frantziako Asanblea Nazionalak heldu den udazkenetik landa. Lehen adikoz herriko kontseiluak berritzeaz gain Euskal Elkargoko eledunak hautatzeko balioko duten bozen ostean, berriz, Konstituzio erreformaren eztabaida gertatuko da.

Erronka horiei aurre egiteko «Euskal Herria antolatu behar da, bederen aho batez mintzatzeko Parisen», uste du Baterak.

Horrendako, gaurko foroaren amaieran plataformako kideek deia zabaldu diete euskal parlamentariei, Euskal Elkargoko buruari, Garapen Kontseiluko ordezkariei eta orohar Iparraldeko eremu sozio-ekonomikoan jarduten duten eragileei «ikuspuntuak trukatzeko, aurreikusten diren erreforma horiek aukera berriak ekar ditzaten».

Lan kolektiboa sustatu

Nikolas Blain plataformako bozeramaleetako batek nabarmendu duenez, «Euskal Elkargoaren sorrera lan kolektibo baten emaitza izan bazen, erakunde horrek arrakatsa izateko elkarlanean jardutea ezinbestekoa da». Iparraldeko jendarteari, berriz, mobilizatua jarraitzeko gonbita luzatu diote plataformako kideek.

Baterak argitu nahi izan duenez, plataformak ez du esku-hartze zuzena hartuko martxoko hauteskundetan, beraz ez du hautagaitza bat edo bestearen alde egingo. Hala ere hauteskunde prozesu hori zein horren ondoren frantses Legebiltzarrean zabalduko diren eztabaidak gertutik jarraitzeko konpromisoa adierazi du Baterak.