‘La trinchera infinita’: Gatibutasunaren oinazeak

1936ko Gerraren eraginez 33 urtez bere etxean bertan gatibutasunean bizi behar izan duen gizon baten istorioarekin sartu dira Moriartitarrak Urrezko Maskorraren lehian. Gatibutasunak gizakian zein inugurukoengan sortzen dituen oinazeak eta ezinak erretratatu dituzte.

Amalur ARTOLA|2019/09/22 13:55
Trinchera
«La trinchera» filmaren ekipo osoa, photocallean. (Jon URBE I FOKU)

Zinema-aretoa txalotan lehertu da ‘La trinchera infinita’, Moriartitarrek Sekzio Ofizialaren barruan aurkeztu dute filma amaitutakoan. Oraingoan Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren zuzendaritzapean, sei eskutara marraztutako filmak gatibutasunean jartzen du begia, honek itxialdia bere larruan pairatzen duenarengan zein inguruan dituenengan eragiten dituen oinaze eta ezinak deskribatzeko.

Banan bana, lekuz kanpo dagoenaren sentipena, egoerarekiko arbuioa, gatibutasuna onartu beharra, praktikotasunera jotzearen ezinbestekotasuna, arrisku egoerak kudeatu beharra… gatibutasunaren prozesuak aurkezten dizkigute Moriartiek, eta baita horren atzean dauden sentipenak ere, amorrutik beldurreraino, damutik eta minetik pasata.

Kontakizunak 1936ko Andaluzian du hastapena (izan ere, ‘La trinchera infinita’ da Euskal Herritik kanpo eta espainolez filmatzen duten lehen pelikula). Gerra lehertzen denean, bizilagunek Higinio (Antonio de la Torre) salatu eta ihes egin beharko du, baina zoriak –edo inkozienteak– etxera, emaztea Rosaren (Belen Cuesta) altzora darama. Herritik ihes egitearen ezintasunak bere etxean bertan, zulo batean gordetzera eramango du. Baina, beste askotan bezala, behin behineko egoera betikotu egingo zaie Higinio eta Rosari, eta, 33 urtez, 1969ko amnistia orokorra iristen den arte, "erabakitako" gatibutasun egoera horretan bizi beharko du.

Hiru hamarkada luzeko itxaronaldi horretan gerta eta bizi –edo bizitzeari utzi– daitezkeenaren lagina eskaintzen digu filmak, sentipen multzo zabalaz horniturik. 

Filmaren emanaldiaren ostean, prentsaurrean hitz egin du lantaldearen ordezkaritza batek. Goenagak ‘Treinta años de  oscuridad’ dokumentalaz hitz egin du. «Jaialdi honetan ikusi nuen eta fikzio bezala kontatua izateko istorio interesgarria izan zitekeela ikusi nuen. Gatibu dagoenaren ikuspuntutik kontatu nahi izan genuen, Rosarekin enpatia sortuz, gatibutasun horretatik irten gabe. 30 urteko historia da, bikote horretan baina baita herri batena ere, ikusten baita beldurrak nola eragiten dien guztiei».

Beldurraren alegoria

Arregik, film honek egungo gazteriari eman diezaiokeenaz hitz egin du: «Iragana eta oraina elkarrizketan jarri nahi genituen. Gaur egungo ikusleak ere zerbait ikus dezakee filmean, jantziak aldatzen badira ere giza interesak bere horretan irauten duelako. Ikusleak osatu behar du nolabait pelikula hau: sormen prozesu baten helburu nagusiena hori da, horrek egiten du istorioa haztea, ikusle bakoitzaren irudimenean».

«Beldurraren gaineko alegoria bat ere bada», gaineratu du Garañok, «beldurra gauza unibertsala delako, pausoak emateari diogun beldurra, lana uzteari, armairutik irteteari… eta gazteek ere beldurrak izango dituzte, noski».

Andaluziako azentua izan du hizpide, bere aldetik, Cuestak. «Antonio eta biok bagenuen beldur hori, Andaluzia oso zabala eta anitza delako, filma ez dago herri zehatz batean finkatua, eta Granadan edo Sevillan ez da berdin mintzatzen. Egiazkotasuna nahi genuen, eta uste dut lan handia egin genuela». «Bai noski –gaineratu du De la Torrek–, herritar askorekin hitz egin dugu, gidoia erakutsi zitzaien, bertako esaldiak bildu genituen… Gerrari ere ez zitzaion gerra esaten, ‘ea noiz amaitzen den hau’ esaten zen, eta hizkera hori ere saiatu gara filmean txertatzen. Eta ez bazaigu ondo ulertzen, ba azpititula gaitzatela», egin du txantxa.

Atmosfera iluna, itxia du filmak. Itxiera bati dagokiona. Garañoren hitzetan, «haseran dena iluna da, kamararekin egiten dugu jokoa ere halakoa da, antsietate hori, kanpoan gertatzen dena ez jakitearena, lortu nahi genuelako. Higinioren ikuspuntutik egindako filma da, berak ez du dena ikusten, ez du dena entzuten, eta galtzen duen hori irudikatu egin behar du. Horrek familiarekin konfiantza galera eragingo dio», esan du.

Filmaketaz Arregi mintzatu da. «Konfort egoeratik irten gara, Andaluziara joan eta orain urte asko gertatutako istorio bat kontatzeko… ‘Ea hemen zer gertatzen den’, pentsatzen genuen. Eta zortea eduki genuen, euskaldunez eta andaluzez osatutako ekipoa sortu eta elkar ezagutu eta ulertzea lortu genuelako, babestuta sentitu ginen eta beldurra desagertzen joan zen. Aktoreek istorio honekiko erakutsi duten konpromisoa, inguruko jendearengandik bildu dituzten informazioak txertatu egin dira istorioan eta zuzendariak oso pozik gaude prozesuak eman duenarekin».

Filmak duen ‘umore politikoaz’ ere aritu da Goenaga. «Testuinguruan dago politikoa den hori. Jendeak berak nola bizi duen egunerokotasuna, hor dago. Guretzat testuinguru hori garrantzizkoa zen baina horretara oso etxeko girotik gerturatu nahi genuen: ez genuen Francoz hitz egin nahi ‘ze izorratuta gauden’ ikuspuntutik, baizik eta bere ahots berezi hori gogora ekarriz. Pertsonaien gizatasuna, gertatu zen horren guztiaren erretatua, hori da pantailaratu nahi izan duguna».

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK