Euskal kulturaren transmisiorako iparrorratza eraiki nahi dute eragileek

Azken hamarkadan euskal kultur sorkuntzaren transmisioan eman den «etenak» arduratuta, egoeraren diagnosia egiteko jardunaldia antolatu dute hainbat eragilek. Urriaren 19an izango da, Azpeitian.

Amalur ARTOLA|Donostia|2019/10/03 13:58
Jalgi
Jardunaldiko antolakuntzako kideak. (NAIZ)

Euskal kulturaren arloan lan egiten dutenek kezkaz begiratzen diote etorkizunari. Konziente dira euskal kulturaren kontsumoan beherakada eman dela azken hamarkadan eta, zenbait faktorek eraginda –globalizazioa adibide– erdal erreferentziak ari direla nagusitasuna hartzen. Kultur eragileek garbi dute: euskal kultur sorkuntzaren transmisioan etena ari da ematen eta berandu baino lehen heldu behar zaio gaiari, eta Jalgik, Elkar Fundazioak, Hik Hasik, Azpeitiko Udalak eta UEUk antolatuta jardunaldia antolatu dute bide horretan urratsak ematen hasteko.

«Testuinguru aldakor eta globalean bizi gara, asko aldatu dira kultura transmititzeko bitartekoak, eta horrek eragin zuzena du kultur transmisioan. Errezeloa dugu ez ote gauden ahulago eta atzera egiten», egin du gogoeta Olatz Osa, Elkar-eko zuzendariak, eta jardunaldien helburua egoeraren diagnosia egin eta egoera onbidean jartzeko tresnak eratzea izango dela azaldu du.

Hala, lehen urratsa, egoeraren diagnosiarena, urriaren 19an hasiko dira ematen. Azpeitiako Basazabal jauregian egun oso jardunaldia antolatu dute eta, UEUko zuzendari Kepa Sarasolak xehatu duenez, 9.00ean hasita testuingurua finkatzeko baliagarri izango diren bi ponentzia eskainiko dituzte Osak berak eta Iratxe Retolaza, UEUko Literatura sailburuak.

Ostean, hainbat kultur eragile, kudeatzaile eta sortzailek hartuko dute hitza, banan bana diagnosiari euren alea jartzeko. Lehenik, kulturgintzaren  transmisioan lan egiten duten profesionalek hartuko dute hitza: Pantxika Telleria (arte eszenikoak), Alberto Barandiaran (musika), Amaia Irazusta (literatura) eta Artaziak-eko kide bat (arte plastikoak).

Bazkalostean bi mahai inguru egingo dira. ‘Kultur transmisioa hezkuntza arautuan’ izenekoan Arantxa Irigoien, Ximun Fuchs, Inma Muñoa (Ikastolen Elkartea), Mirentxu Oteiza (irakaslea Nafarroan) eta Lidia Alcorta (irakaslea Nafarroan) ariko dira, Ainara Gorostitzuk (Hik Hasi) gidatuta. Bigarren saioa ‘Kultur hezkuntza eskolan gogoetagai’ izendatu dute eta Mikel Artola (Bertsozale), Oier Araolaza (Dantzan), Nerea Permach (EHUko irakasle eta ikertzailea) eta Haizea Barcenilla (EHUko irakasle eta ikertzailea) ariko dira, Amaia Serranok (EHUko ikertzailea eta irakaslea) gidatuta.

Izena UEUren webgunean eman daiteke.

Ertzez ertz egindako diagnosia

Lehen jardunaldi hauek nagusiki hezkuntza munduari begira antolatu badira ere, euskal kultur sorkuntzaren transmisioan interesa duen edonori parte hartzeko gonbita egiten dute, diagnosiak, euren hitzetan, integrala behar duelako izan.

«Kulturaren transmisioak ertz asko ditu eta horiek azertu nahi ditugu. Hedabideak, hezitzaileak, sortzaileak…. luze, zabal eta sakon aztertuta egin nahi dugu diagnosia», ziurtatu du Osak.