NAIZ

Zaldunbordako merkataritza gunea gelditzeko eskatuko du EH Bilduk eta Abotsanitzek salaketa jarri du

Gasteizko Legebiltzarrak aho batez lege bat onartu bezperan Hondarribiko alkateak aldebakarrez proiektu horri bide eman izana ondorio larriak ekarriko dituen arduragabekeria dela adierazi du EH Bilduk eta dekretu hori bertan behera uzteko eskaera egingo du Batzar Nagusietan eta Legebiltzarrean. Bestalde, Abotsanitzek Higertoki salatu du Zaldunborda «txikitu duelako».

EH Bilduko ordezkarien agerraldia, Zaldunbordako merkataritza gunearen inguruan. (EH BILDU)
EH Bilduko ordezkarien agerraldia, Zaldunbordako merkataritza gunearen inguruan. (EH BILDU)

Hondarribiko alkateak Zaldunbordan eraiki asmo duen outlet merkatalgune handia gelditzeko talde guztien adostasuna lortu nahi du EH Bilduk, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta baita Gasteizko Legebiltzarrean ere. Gaur agerraldia egin dute Iker Casanova legebiltzarkideak eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako bozeramaileak. Eurekin izan dira Estitxu Elduaien batzarkidea, Xabier Isasi Hondarribiko zinegotzia eta Ane Unanue Irungo zinegotzia.

Casanovak guztien adostasunarekin Legebiltzarrean onartutako legearen ibilbidea azaldu du. Izagirrek adierazgarritzat jo ditu Hondarribian eta inguruko herrietan lortutako adostasunak. «Zerbait adierazten dutela uste dugu», esan du. Izan ere, Irungo alderdi guztiek aho batez Zaldunbordako proiektua gelditzeko eskatu dute eta Hondarribian ere, EAJk izan ezik, gainerako alderdiek bat egin dute eskaera berdinarekin.

EH Bilduk adierazi du Gasteizko Legebiltzarrak aho batez lege bat onartu bezperan Hondarribiko alkateak aldebakarrez horrelako erabaki bat hartzea «ondorio larriak ekarriko dituen arduragabekeria» dela.

Abotsanitzek, salaketa

Bestalde, Abotsanitzek Higertoki S.L. enpresaren kontrako salaketa aurkeztu du Ertzaintzaren aurrean, uztailean Zaldunborda gainean egindako lanengatik. Salaketan jasotzen denez, Higertokik ingurumenaren kontrako delitu izan daitezkeen ekintzak egin ditu, «betelanak eta landa eremuko zuhaitz eta landaredi mozketak», hain zuzen ere. Txomin Sagarzazu alkateak merkataritza gune polemikoari hasierako onarpena eman eta gero iritsi den lehen salaketa da honakoa.

Igor Enparan Abotsanitz udal taldearen bozeramaileak ziurtatu du outlet herrixkaren bultzatzaileak «korridore ekologikoan 100.000 metro koadroko azalera txikitu duela inongo udal baimenik gabe». Hondarribiko Udaleko Ingurumen Departamentuak abuztuaren 28an sinatutako txosten batek salaketaren edukiarekin bat egiten du. Lanak baimenik gabe egin zirela baieztatzen du txosten horrek.

Txostenak dio Higertokik Natura Kontserbatzeko Legeak eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak babestutako zuhaitz eta landare aleak kendu zituela, eta gainera, mozketek ez zutela Zaldunborda errekako bost metroko bide-zorra errespetatu. Horregatik, Ingurumen Departamentuak gertatutakoaren berri eman zion URA Uraren Euskal Agentziari, eta URAk ikerketa abiatu du gertatutakoa aztertzeko.