«Jauzi kualitatiboa» eman nahi du Iraitz Lazkano UEMAko lehendakari berriak

2019-2023 agintaldiko lehen batzar nagusia egin du gaur Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Getarian, eta Iraitz Lazkano Elgetako alkatea hautatu dute batzarkideek UEMAren lehendakari, hurrengo lau urteetarako. Lehendakariordea Aritz Abaroa izango da, Bermeoko alkatea.

NAIZ|2019/10/05 15:17
Uema
UEMAko Zuzendaritza Batzorde berria. Erdian, kartelari eusten, Aritz Abaroa lehendakariordea eta Iraitz Lazkano lehendakaria. (UEMA)

86 udalerri dira UEMAko kide, eta guztien artean 245.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Hurrengo hilabeteetan UEMAra sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok, eta udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzeaz gain, euskararen arnasguneak sendotzea izango da agintaldi berriko erronketako bat.

Lehendakari kargua hartu orduko egindako lehen adierazpenetan, Iraitz Lazkanok eskerrak eman dizkie batzarkideei, jasotako konfiantzagatik. Orain arteko lehendakari Josu Labaka eta lau urte hauetan zuzendaritzan lanean aritu diren batzordekideak ere gogoan izan ditu.

Kargua ilusioz eta arduraz hartu duela adierazi du, «UEMA euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua» delako. Azken agintaldian UEMA sendotzeko egin den lana nabarmendu ondoren, urrats berrien garaia dela esan du: «Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu UEMAk. Dena dela, euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira».

Zuzendaritza Batzorde anitza

Adostasunari dagokionez, UEMAn ordezkaritza duten alderdi nagusiek lehendakaria, lehendakariordea eta Zuzendaritza Batzordea adostasunez onartu izana ere garrantzitsua dela nabarmendu du Lazkanok. «Ardura eta erronka handia da UEMAren lehendakari postua, baina Zuzendaritza Batzordea izango dut lagun. Kultura politiko ezberdinetako kideak daude ordezkatuta bertan, eta hori ere nabarmendu nahiko nuke. Azken batean, aurrera egingo baldin badugu, elkarlana ezinbestekoa baita».

Elgetako alkate den heinean, herri txikien garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Lazkanok. «UEMAk udalerri euskaldunen garapenaren inguruko hausnarketa sakona egin du urte hauetan, beste hainbat eragilerekin batera. Udalerri euskaldunei bizirik eusteko ezinbestekoa da udalerri euskaldunak garatzea, eta herri txikiek lurralde garapenean duten egitekoa eta garrantzia oso kontuan hartzea. Lehen egunetik aipatu nahiko nuke ildo honetan ere bidea egiteko beharra, herri txikien izaerari eusteko eta euskarari arnasa ematen segitzeko».

Iraitz Lazkano Garitaonandia (Elgeta, 1987) politika eta administrazio zientzietan lizentziatua da. XXI. mendeko euskal nazionalismoari buruzko ikerkuntza masterra egin zuen, eta turismo teknikari eta gida lanetan aritu izan da. Elgetako alkatetzan bigarren agintaldia du.

Adostasunez hautatu dute lehendakari, Abaroa lehendakariordearekin eta gainerako Zuzendaritza Batzordekideekin batera. Honakoek osatzen dute Zuzendaritza berria: Aritz Abaroa (Bermeoko alkatea, EAJ), Lierni Altuna (Aramaioko alkatea, EH Bildu), Jone Ansotegi (Aulestiko alkatea, EH Bildu), Xabier Balerdi (Tolosako zinegotzia, EAJ), Aitor Elexpuru (Berako alkatea, EH Bildu), Illart Gumuzio (Igorreko alkatea, EH Bildu), Iraitz Lazkano (Elgetako alkatea, EH Bildu), Beatriz Muro (Aresoko zinegotzia, independentea), Nerea Odriozola (Zestoako zinegotzia, EH Bildu), Joseba Palenzuela (Mutrikuko alkatea, EH Bildu) eta Irune Urbieta (Zarauzko zinegotzia, EAJ).