Emantzipazio politikak birformulatzeko eskatu dio Legebiltzarrak Lakuari

EH Bilduren proposamen bat aintzat hartuta, Gasteizko Legebiltzarrak ez-nahikotzat jo ditu Lakuako Gobernuak gazteen emantzipaziorako diseinatutako politikak eta, bereziki, «porrot egin duen» Gaztelagun programa, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzak arautzen dituena.

NAIZ|2019/10/09 17:40
Gazteak
Gazte Kontseiluaren arabera, gazteek soldatak bikoiztu beharko lituzkete etxebizitza bat eskuratu ahal izateko. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Gaztelagun programak, alokairua ordaintzeko laguntzak bideratzen dituenak, porrot egin duela onartu du Gasteizko Parlamentuak, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren aldeko botoekin. Aurka bozkatu dute, berriz, EAJk eta PSEk.

Legebiltzarrak ez-nahikotzat jo ditu Lakuak gazteen emantzipaziorako diseinatutako politikak eta, bereziki, «porrot egin duen» Gaztelagun programa, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzak arautzen dituena. Hori dela eta, Parlamentuak programa hori aldatzeko galdegin dio Gobernuari, «haren irismena areagotzeko eta ahal beste gazterengana heltzeko».

EH Bilduk aurkeztutako zuzenketaren lehenbiziko puntua da, Elkarrekin Podemos eta PPren botoekin aurrera atera dena. Hurrengo puntuetan, Lakuari egindako eskaerak zehazten direnetan, PPk aurka bozkatu du eta, hortaz, ez dira puntuak onartu.

EH Bilduren proposamenak

EH Bilduren iritziz, Lakuak ondorengo neurriak txertatu beharko lituzke, besteak beste, Gaztelagun programan: laguntza eskatzeko gutxieneko adina 23tik 18 urtera jaistea; muga ekonomiko berriak ezartzea, gehienezkoak zein gutxienekoak, programaren hartzaile diren gazteek pairatzen duten diru-sarreren aldakortasunera egokituz; eta laguntzaren zenbatekoa hileko diru-sarreren eta alokairu-errentaren arabera kalkulatzea, gazteek etxebizitza alokairua ordaintzeko bideratutako zenbatekoa diru-sarreren %30 baino gehiago inolaz ere ez izateko.

Gazteei berariazko neurriak eskaintzea ere planteatu du, bizi diren udalerrietan etxebizitza libreko batez besteko hileko alokairu errentak Gaztelagun programan ezarritako mugak gainditzen dituenean.

Halaber, koalizioak beharrezkotzat jo du, programa horretatik harago, bestelako neurri eraginkorrak hartzea alokairuaren burbuilari aurre egiteko, hala nola, Etxebizitzaren Legea modu integralean garatzea eta alokairuaren prezioari mugak ezartzeko neurriak aztertzea.

Horren haritik, Josu Estarrona koalizio subiranistako parlamentariak azaldu du «diru-laguntzak ezin direla konponbidea izan, emantzipazioaren arazoari errotik heldu behar zaiolako, horren jatorrian dauden aldagai eta elementu guztietan eraginda, adibidez, enpleguan, prekarietatean, Euskal Gazte Kontseiluak salatu duenez, gazteek gaur kobratzen dituzten soldatak bikoiztu egin beharko lituzketelako etxebizitza bat eskuratu ahal izateko. Gaur ia ezinezkoa da, gaztea izanda, etxebizitza bat erostea», esan du.