Naiz
Anoeta

Xalbador Garmendia euskaltzalea gogoan izan dute Anoetan

Zaldibia zuen jaioterri eta Anoeta bizileku. Bi herrietako bizilagunek estimuan zuten Xalbador Garmendia kulturaren eta euskararen alde egindako lanagatik, eta hori eskertzeko bere omenezko jaialdia ospatu dute gaur Anoetako plazan.

Anoetako plazan egin dute gaur Garmendiaren omenezko jaialdia. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Anoetako plazan egin dute gaur Garmendiaren omenezko jaialdia. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Zaldibiako eta Anoetako herritarrek 2018ko azaroaren 14an zendu zen Xalbador Garmendia euskaltzain urgazleari omenaldia egin diote. Garmendia zaldibiarra zen jaiotzez, baina Anoeta zuen bizileku. Bi herrietan maitatua zenez, herritarrek indarrak batu eta gaur arratsalderako bere omenez festa bat egitea erabaki zuten.

‘Zeruko Argia’ aldizkariko zuzentzaile, Eusko Kontseiluko itzultzaile eta “Egin” egunkariko euskara arduraduna izan zen –21 urte eman zituen bertan, Auzitegi Nazionalak indarrez itxi zuen arte–.

Itzulpengintzan ere aritu zen, tartean Albert Camusen ‘Gizon zuzenak’, Antoine de Saint Exuperyren ‘Printze txikia’ eta Gabriel Garcia Marquezen ‘Iragarritako heriotza baten kronika’ euskaratu zituen.

1968an Arantzazun euskara batuaren oinarriak ezartzeko egindako biltzarrean deklinabideari zegokion txostena aurkeztu zuen.

Urte berean Zaldibian abesbatza eratu zuen eta haurrentzako musika eskolak antolatu zituen. Ezkontzean Anoetara joan zen eta bertan ere musika sustatu zuen: elizan organoa jotzen zuen, helduentzako abesbatza sortu zuen, eta egun berezietan –Gabonak, Santa Ageda bezpera eta San Joan gaua– kalez kaleko erronda antolatzen zuen.

Gaur arratsaldean egin diote gorazarrea jaialdi moduan planteatu dute antolatzaileek. Folklorea, dantzak eta musika ez dira faltatu, ezta berarekin aritu ziren askoren emanaldiak ere.