Sei langile kaleratu ditu Artiachek, eta elkarretaratzera deitu dute

Artiachen Orozkoko lantegian lanean ari ziren sei emakume kaleratu ditu enpresaren zuzendaritzak. Denbora luzea zeramaten fabrikan (6 eta 17 urte artean) aldi baterako laneko enpresa baten bidez, baina ekainean sei beharginak kaleratzea erabaki zuen Artiachek, lan ikuskaritzak kontratu mugagabea egin behar zitzaiela esan zuenean.

NAIZ|2019/10/15
Artiach
Iaz mobilizazioa egin zuten Artiacheko beharginek Bilbon, «enplegu finko eta duinaren defentsan». (Juanan RUIZ/FOKU)

Sei langile kaleratu ditu Artiachek, lan ikuskaritzak kontratu mugagabea egin behar zitzaiela esan zuenean. Urte andana zeramaten sei emakumeek lantegian, baina aldi baterako enpresa batek kontratatuta. Kaleratzeen aurrean, elkarretaratzera deitu dute. Urriaren 21ean izango da, 13.00etatik 15.00etara, Orozkoko fabrikan.

Fabrikako zazpi emakumek jo zuten urte hasieran lan ikuskaritzara, LAB sindikatuaren bidez. Antzeko egoeran zeuden zazpiak: urte asko zeramatzaten Orozkoko lantegian, baina aldi baterako laneko enpresa batek (Randstad) kontratatuta, kontratu labur baina jarraituekin. «Edozein ordutan deitzen gintuzten, eta gu beti geunden lan egiteko prest, batzuetan lan-txanda hasi baino ordu eta erdi lehenago deitu izan gaituzten arren. Batzuetan bajak betetzeko kontratuak egiten zituzten, baina gero baja horretatik harago zihoan edozein lan eskatzen ziguten edo, egunaren arabera, etxean geratzeko esaten ziguten».

Irainak eta erasoak

Urtetan pairatutako baldintzak salatu dituzte langileek: «Irainak, degradazio pertsonalak eta erasoak sufritu ditugu, guk geuk erosi behar izan dugu lanerako arropa... oso bigarren mailako langile sentiarazi gaituzte».

Lan ikuskaritzak ekainean erantzun zien langileei. Erakunde horrek plazaratutako txostenak bi ondorio nagusi azaltzen ditu: Artiachen behin-behinekotasun handia dago (lan hitzarmenean jasotakoa baino handiagoa) eta zazpi langile horiei kontratu mugagabea egin behar zitzaien.

Artiacheko behin-behinekotasunaren afera ez da berria. Iaz mobilizazioa egin zuten lantegiko beharginek Bilbon, «enplegu finko eta duinaren defentsan».

Ebazpen judizialaren zain

Enpresak, baina, zazpi langile horietako bakarrari egin zion behin betiko kontratua. Gainontzekoak kaleratu egin zituen, modu ezberdinetan. «Kontratua indarrean genuenoi (hau da, fabrikan une horretan lan egiten geundenoi) gutunak bidali zizkiguten gurekin kontatzeari uzten ziotela esanez, 'alferrak' ginelako», azaldu dute beharginek. «Higuingarria da, 17 urte daramagu alferkerian ala? Sekulako gezurra da hori».

Egoera ikusita, auzitara jotzea erabaki dute langileek. «Udan izan genituen adiskidetze-egintzak, baina enpresa ez zen horietako batera ere ez aurkeztu». Orain ebazpen judizialen zain daude. Datozen hilabeteetan izango dituzte epaiketak, bana behargin bakoitzeko.

Ez da Orozkoko fabrika auzitara doan lehen aldia izango. Duela bi urte Bilboko epaitegi batek arrazoia eman zion Artiachek kaleratutako langile bati, enpresak bidegabeki bota zuelako.