‘Etxeak eta hilobiak’, Bernardo Atxagaren azken eleberria

Bernardo Atxagak agur esango dio eleberrigintzari. Aurrez iragarria bazuen ere, hala baieztatu du ‘Etxeak eta hilobiak’, bere azken eleberria izango denaren aurkezpenean. Mika baten hegaldatzeari segika, asteasuarrak El Pardo kuarteletik Pauera edo Texasera eramango gaitu, pertsonaien bidez eraikitako kontakizunean.

Amalur ARTOLA|2019/10/16
Bernardo_atxaga
Atxaga, bere azken eleberria eskuartean duela. (Maialen ANDRES | FOKU)

Mugimendua. Hori da, Bernardo Atxagaren hitzetan, eleberri baten iturburua zein arrakastaren gakoa. Hala adierazi du ‘Etxeak eta hilobiak’ (Pamiela), bere ibilbideko azken eleberria izango denaren aurkezpenean.

Donostiako Koldo Mitxelenako aretoa jendez lepo zela heldu dio asteasuarrak aurkezpenenari eta, azaldu duenez, txori bat, mika bat zehazki, izan zen eleberrirako oina eman ziona. «Mika horrek berrogehi urte daramatza nire memorian, El Pardo kuartelean, Franco eta orduko printzearen palaziotik bi kilometrora ezagutu nuen mika hark», esan du, eleberrien iturburua xehetasunetan dagoela azalduz.

Mika horrek, «dinamo batek bezala», kuartelaren inguruko gertakariak bilduko zituela otu zitzaion Atxagari. «Kuartela da kartzela bat, eta han dagoen jendea harrapatuta dago, horregatik adiskidetasuna ez da berdin murruz kanpora edo barrura. Mika horrek jasotzen zuena –jarraitu du– esanahi handikoa izan zitekeela pentsatu nuen. Nik kuarteletan ikusi ditut une desesperanteak, gogorrak, biolentzia handienak».

Inspirazio hartatik idazten hasita, 22 orrialde eta eleberriaren balizko izenburua atera zituen: ‘Francori kabron esan zion soldadua’. Baina hor geratu zen saiakera: «Ez nion aurrerabiderik ikusten». Mugimendua behar zuen eleberriak eta, bigarren saiakeran, bi urte beranduago, 44 orrialde eta izenburu berria (‘Pamela’) erdietsi zituen, baina eleberria ez zen hegaldatzen.

Donibane Garaziko belar-denda batean topatu zuen giltza. Usaimenaren bidez, oroimenaren katebegiek 14 urte zituela frantsesean trebatzeko helburuz Pauko barnetegi batean eman zuen egonaldira eraman zuten. «Kuartelaren antzeko tokia da kontzeptualki, arrotza, mugatua, itxia… arrotz sentitu nintzen». Hala sortu zuen Elias, frantses ikastaroa egitetik mutututa itzuli den mutikoa, eta hark eman zizkion, Atxagaren hitzetan, eleberriari «hegoak» edo, bestela esanda, pertsonaia berriak: «Horiek dira zutabea. Mutikoak koruan txistuka egiten du, eta orduan aipatu behar duzu koru zuzendaria; osaba okinaren etxean bizi da eta okindegi horrekin harremana duten mutilek ere harrera egingo diote etorri berriari… hor sortzen dira hegoak».

Hala, bere oroitzapenei tiraka eta literaturarekin jolas eginez, Atxagak pertsonaiak zutabe dituen eleberria osatu du eta irakurlea Pauetik Baionara eta Texasetik Ugartera darama, mugimendu etengabean.

Eleberriaren gakoak

Idazterakoan «prosa kristalinoa», atzean dauden «paisaiaren labirintoak» erakusten dituena erabiltzen saiatu da Atxaga, baina arazo bat sortu zaio: «Prosak ezin du erabat kristalinoa izan. Pentsatu nuen hobe zela irisazio batzuk markatzea». Hala, zenbait ataletan irakurleak besteren artean Agatha Christie edota westernaren itzalak sumatuko dituela aurreratu du.

Eleberria ez da kronologikoa, atal bakoitzak denbora-tarte jakin bati erreferentzia egiten dion arren. «Hori egitean idazleak halako baieztapen bat egiten du: nik gogoan hartuko dut historia». Azkenik, bere helburua «mugimenduarekin mugimendua egitea» izan dela esan du: «Oinarrizko sustantzia da mugimendua, bizitza mugimendua da eta mugimendu horrek hartzen dituen norabideak infinituak dira. Eta mugimendu hori da aldaketa». Hala, eleberrian suspentsea eta ezustekoak kontaketa guztian zehar daudela aurreratu du.

Atxagaren azken eleberria

Kazetarien galderei erantzunez, Atxagak baieztatu egin du ‘Etxeak eta hilobiak’ bere azken eleberria izango dela. «Zazpi urte joan dira [eleberri hau idazten] hasi nintzenetik, lan itzela da, latza», aitortu du, eta eleberria josteak eta batasuna emateak sortzen dizkion buruhausteak aipatuta, «esaldi batek nobela guztia honda» dezakeela ziurtatu du.

Bestetik, akituta azaldu da idazlearen bizitzarekin. Zergak eta protokoloak aipatuta, «Euskal Herrian artista autonomo izatea kartzela bat da», baieztatu du. «Pentsatzen dut beste gauza asko egiten ditudala askoz ere bazterrekoagoak, laburragoak. Miniatura batek mural batek baino balore handiagoa izan dezake eta iruditzen zait alor horietan sartu behar dudala», iritzi du.

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.