Nafarroako Unibertsitate Publikoan bildu dira gaur asteazkenean gazte eragile ugari, Altsasuko auziaren azkeneko ebazpenak sortzen dien haserrea adierazteko. Bai eta kezka ere, mezu honetan bildu dutena: «Gaur Altsasu izan da, bihar zu izan zaitezke».
«Gertakari hauen trataera juridikoa zein mediatikoak Altsasuko gazteria kriminalizatzeko saiakera uzten du agerian. Horregatik beharrezkoa deritzogu Nafarroako gazte guztien kontzientziazioa. Proportzialtasuna, justizia eta oreka eskatzen ditugu. Era honetako sententziek gazteria eta gure eskubideak arriskuan jartzen dituztelako», adierazi dute.
Auzian izandako gorabehera guztiak ekarri dituzte gogora: «Duela hiru urte ‘terrorismoa’ egotzi zieten. Honela Auzitegi Gorenean epaituak izan ziren, tokiko epailea ukatuz. Ez zuten intimitate eskubiderik izan, beraien identitateak hasiera-hasieratik publiko egin zituzten (...) Bigarren atxiloketak eman zirenean, astero zihoazen epaitegietara. Ez zuten ihes egiteko asmorik. Jarraipen bereziko presoak izan ziren, FIES delakoa, beraien eskubideak nabarmenki urratuta izanik. Berme prozesala ukatu zizkieten, hala nola defentsa eskubidea, erantzukizunen indibilizazioa, legaren interpretazio ez-hedagariak, proportzialtasuna... Frogatan irregulartasunak egon ziren. Sinaturik gabeko atestatuak, kontraesanak, akusazioaren tesia guztiz gezurtatzen duen bideo nabarmen bat...»
Horren aurrean, nafar erakundeen posizionamendu ugari egon dela ekarri dituzte gogora gazteek, –inolako oihartzunik izan ez dutenak»– bai eta manifestazio oso jendetsuak ere, «gogoan ondo gordeak ditugunak».
Egungo unera iritsita, gazteriari mobilizatzeko deia berretsi diote, «honekin behingoz amaitzeko». Eta aipaturiko bi hitzorduak jartzen dituzte mahai gainean: hilaren 26an, larunbatean, 17.00etan deitu den elkarretaratzea (Nafarroako Entzutegiaren aurrean) eta Altsasun azaroaren 2an «Txikitasunetik egia erein» lemapean deitu den kontzertua, gazte taldeen partehartzearekin.