Antolatu eta barne egitura indartzera deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak

«Izugarria izan da hiru egun hauetan Durangon bizi izan dena». Jardunaldi Feministen balantzea hitz horiekin deskribatuta, Euskal Herriko Mugimendu Feministak duen izaera politiko «herritarra, erradikala eta kolektiboa» nabarmendu du eta antolatzera deitu du, «barne egitura indartzea» lehentasun hartuta.

NAIZ|2019/11/05
Jardunaldiak
Jadrunaldi feministak Durangon, pasa den asteburuan. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Milaka emakumeren parte hartzea izan duten V. Jardunaldi Feministen oso balantze positiboa egin dute hiru egunetako bilkuraren ostean. «Izugarria izan da hiru egun hauetan Durangon bizi izan dena» adierazi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaur goizean ohar baten bidez.

Borrokak edukiez bete ostean, antolatzeko deia egin du mugimendu feministak eta «barne egitura indartzea» lehentasuna dela adierazi du, aniztasunaren «indarra» ardatz hartuta.

Zabaldutako oharrean argi uzten du «Euskal Herriko mugimendu feministaren borroka» ez dela «garbitu daitekeen zerbait». «Ez da feminismo eroso bat», zehaztu duenez.

«Kapitalismo basatia berregituratzen eta dominazio heteropatriarkala etengabean indartzen» ari den testuinguru batean, politika migratorioen salaketa eta etenik ez duen indarkeria matxista aipatzen ditu mugimendu feministak egoera orokorraren irakurketan.

«Eguneroko ogia dira emakumeak pobreziara kondenatzen dituzten politika neoliberalak, biolentzia matxistaren gorakada, arrazismo instituzionala, lurraren esplotazioa...», azaldu du, eta Euskal Herrira begiratuta, instituzioek eredu antidemokratiko eta antisozialekin «inolako hausturarik» planteatzen ez dutela zehaztu du. Eta «inboluzioaren aurrean haustura eta eraldaketa» da mugimendu feministaren aldarrikapena.

Martxoaren 8ko itun soziala

Erresistentziak eta borrokak edukiez betetzeko lan horretan, martxoaren 8an bizitzaren ardura kolektibizatu eta zaintza lanak berrantolatzeko aldarrikatu zen itun sozial berria Durangon ezaugarritu dela adierazi du, eta horrekin batera pentsio duinak, agro-ekofeminismoa, lurraren defentsa, klase borroka biziberritzea, etxeko langileen eskubideak edota burujabetza feministaren aldeko borrokak aipatu ditu, besteak beste.

Era berean, indarkeria matxistaren aurkako borrokan tinko jarraitzera deitu du mugimendu feministak, «datozen belaunaldikoen gorputzak eta bizitzak indarkeriatik libre» egoteko. «Emakumeen gorputzekiko kontrola indartu nahi duten Polizia eta justizia patriarkalaren aurrean, errekonozimendua, justizia eta autodefentsa feminista aldarrikatzen jarraituko duela gehitu du.

Durangoko jardunaldiek datozen urteetarako «desafio nagusia» ere zehaztu dute: «Amorrua antolatu eta konplizitateak jostea». Horrekin batera, mugimendu feministaren «barne egitura» indartzea lehentasun gisa finkatu du.

«Pribilegioak ukatu gabe, berauek suntsitzeko» deiarekin batera, hurrengo hitzorduak aipatu ditu mugimendu feministak: «Azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurrean, pentsiodunen mobilizazioetan eta urtarrileko greba orokorrean, martxoaren 8an, ekainaren 28an zein Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren nazioarteko ekintzan».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.