Generoaren inguruko hausnarketa abiapuntu duen eleberria idatzi du Karmele Jaiok

Hiru pertsonaiek, gizon batek eta bi emakumek, euren bizitzak zergatik diren horrela aztertuko dute. Zein neurritan eragin die generoak? Ismael dugu ‘Aitaren etxea’ eleberriko protagonista, aita zaintzeko lana bere gain hartu beharko duen idazlea. Bere gizontasun ereduari buruz gogoeta bat egingo du orduan hainbat pentsaera zalantzan jarriz.

Nagore BELASTEGI|2019/11/13
Karmele_jaio
Karmele Jaio artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA / FOKU)

‘Amaren eskuak’ izan da Karmele Jaioren orain arteko eleberririk arrakastatsuena. Oraingoan ‘Aitaren etxea’ aurkeztu du, eta oraingoan ere zaintza lanak erdigunean kokatu ditu, baina generoari buruzko hausnarketa egiteko aitzakia bezala.

Hiru pertsonaia nagusi ageri dira eleberrian: Ismael, idazlea; Jasone, Ismaelen emaztea, idazle ohi, zuzentzaile eta liburuzaina; eta Libe, Ismaelen arreba eta Jasoneren aspaldiko laguna, arrazoi politikoengatik ihesi joan behar izan zuena. Gizona dugu istorio honetako protagonista, zeinari bizitza korapilatzen zaion aita zaindu behar duenean, ez baitu ulertzen zergatik egin behar duen berak lan hori eta ez bere arrebak.

«Generoak bere bizitzan duen garrantziaren kontzientzia hartzearen prozesua deskribatzen da, nola ikasi zuen gizon izaten, zein gizontasun eredu izan dituen eta ea espektatibak betetzen dituen», azaldu du idazleak aurkezpenean.

Horren harira, Ismaeli ezinegona sortzen zaio emakumeen kontrako indarkeriari lotutako albiste bat entzuten duenean. Alde batetik, beldurra sentitzen du bi alaba dituelako eta haiei ere halako zerbait gertatu dakielako, eta bestetik, errudun sentitzen da gizona delako eta horrela zergatik sentitzen den aztertzen hasten da.

Izenburua aukeratzerakoan Gabriel Aristiren poemaren eragina ezin du ukatu, baina harago joan nahi izan du Jaiok. «Gizarte hau norbaiten etxea bada, gizonena da oraindik». Bere ustez, gizarte honek «gizon berria etortzea behar du, bere pribilegio egoeraren konsziente dena, eta horiek alde batera utzi eta berdintasunezko harremanak eraikitzeko prest dagoena».

Idazlearen aburuz, emakume askok egin dute kontzientzia hartze ariketa hori, baina gizon gehienek ez, eta hori egitea emakumeen kasuan errazagoa da «premia» izan dutelako, baina gizonen kasuan ez da erraza «leku eroso batetan daudelako».

Gizarte ereduak gizonak ere hainbat eremutan mugatzen ditu, nahiz eta beti pribilegiozko egoeran uzten dituen, eta hori islatu nahi izan du Ismaelen bidez: «berak sentitzen du ez dituela espektatibak betetzen, erakutsi behar du gizon indartsu eta arrakastatsua dela, eta horiek ez betetzea min ematen dio».

Gizon baten azalean jartzea zaila egin zaio Jaiori, eta askoz errazago iruditu zaio emakumeen ahotsa duten pasarteak idaztea. Hala ere, gizonari eskaini dio espazio gehien gizonek izan dezaketen barne gatazka hori islatzeko. «Hiru pertsonaiek egiten dute generoaren hausnarketa. Bizitzako erabakiak nondik hartu dituzte? Eta maitemintzerakoan? Eta lana aurkeratzerakoan? Eta gauzei uko egiterakoan?», esan du egileak. Era berean aitortu du liburuak erantzunak baino galderak planteatzen dituela.