Bihar, GARAn, Bel Pozuetari elkarrizketa

Telefonoari itsasita eman ditu azken egunak Bel Pozuetak. Madrilen eserlekua irabazita, hainbat kontu lotu behar ditu lan berriari ekin aurretik. Hala ere, tarte bat hartu du GARA eta NAIZekin egon eta hauteskundeetako emaitzak aztertu eta aurrera begirako erronkak mahai gainean jartzeko.

Aitor AGIRREZABAL|Iruñea|2019/11/16
Loading player...

Apirilean hatz puntekin ukitu zuen Kongresurako eserlekua eta, oraingoan, emaitza bikainak lortu ditu EH Bilduk Nafarroan, Bel Pozueta lehen lerroan jarrita. Emaitza horien inguruan hausnartu du Pozuetak: «EH Bildutik gertu zegoen jendea berriz ere erakartzea lortu dugu, baina baita gure proiektu politikotik kanpo zeudenak ere. Askok konplexuak kendu dituzte».

Zentzu horretan, orain emandako konfidantzari erantzutea tokatzen zaiola iritzi du sakandarrak. «Esandakoa bete behar dugu». Bide horretatik, azaldu duenez, Nafarroako hainbat eragilerekin adostu zuten Madrilen lortutako informazioa eta lana konpartitzea, baita eragile horiek berak egindako lanaren jakinaren gainean egoteko mekanismoren bat ere sortuko dutela.

Kongresuan egin beharreko lan horren inguruan presoak «demokraziaz ari garenean, lehen lehentasuna» izango direla azaldu du. Era berean, gogora ekarri ditu lan erreforma, pentsioak edo politika feministak egiteko aukera, baita Estatu mailan Skolae moduko programa bat bultzatzeko aukera (Skolaeren sortzaile eta bultzatzaileetako bat da Pozueta). «PSOEk eta Podemosek asko hitz egin dute hauen inguruan, orain eskura dute». Bi hauen akordioarekin «kezkatuta» agertu arren, hitz egiteko «denbora» dagoela azpimarratu du Pozuetak.