NAIZ
PLENTZIA

Plentziako itsasadarreko pantalanak zabaltzeko proiektuaren aurkako giza-katea

Ehunka lagun bildu dira igande honetan Plentziako itsasadarreko pantalanak zabaltzeko proiektuaren aurkako giza-katean parte hartzeko.

Giza-katea Plentziako itsasadarrean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Giza-katea Plentziako itsasadarrean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ehunka lagun bildu dira igande honetan Plentzian, itsasadarreko pantalanak zabaltzeko martxan jarri nahi duten proiektuaren aurkako giza-kate batean parte hartzeko. Lakuako Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak eta Euskadiko Kirol Portuek (EKP) itsasadarreko pantalanak zabaldu eta erregai-hornigailu bat eraiki nahi dute.

SOS Itsasadarra plataformaren ustez, «XXI. Mendekoa baino XX. Mendeko egitasmo bat ematen du». Salatu dutenez, pantalanak, itxiturak eta erregai-hornigailu bat jarriko dituzte, «kalte ekologiko, sozial, turistiko eta ekonomikoa kontuan hartu gabe».

«Klima-aldaketaren arriskuei aipamenik egiten ez diotela kezka handiarekin ikusten dugu, itsasmailaren igoera edo muturreko prozesu meteorologikoak areagotzea esaterako, Gobernu arteko Klima-aldaketa Adituek (IPCC) aurreikusi bezala; ezta karbono-aztarna ere, isuriek gure hondartza, badia eta padurei eragingo dietelako, eta baita bertan bizi diren espezieei ere», ohartarazi dute, eta azpiegitura «arriskutsu eta ahul» dela azpimarratu dute.

«Gure arrantzale izaera ez du ordezkatzen eta ez du kontuan hartzen, kirol portu bihurtu nahi dute, portua duen marinel herri bat baino. Gure arima eta xarma galtzera behartzen gaitu. Gure esentzia», gaineratu dute, eta proiektu «inposatu eta ilun» bat dela kritikatu dute plataformako kideek. «Gauetik goizera aurrera eraman nahi dutelako herritarren iritzia kontuan hartu gabe, nahiz eta eragile aktibo eta zailduak izan, ingurumenarekin eta etorkizunarekin kezkatuta».