ASIER AIESTARAN

Bitik bi Jaka eta Zabaletarentzat, lanerako gaitasuna ere badutela ondo asko erakutsiz

Altuna III.a eta Ladis Galarza 22-17 menderatu dituzte Amezketan, tanto on asko eta huts oso gutxi izan dituen 685 pilotakadako neurketa gogorrean.

Jaka bikain aritu da gaur ere errematean (FOKU)
Jaka bikain aritu da gaur ere errematean (FOKU)

Erik Jakak eta Jose Javier Zabaletak Binakako Txapelketaren lehen ligaxkako bigarren garaipena erdietsi dute Amezketako Larrunarri pilotalekuan Jokin Altuna eta Ladis Galarzari 22-17 irabazita.

Aurreko asteburuan 22-5 azkar batekin irabazi bazuten Irribarria-Rezustaren aurka, oraingo honetan lanerako gaitasuna ere badutela erakutsi dute, 685 pilotakada eta ia 80 minutuko neurketa gogor batean.

Neurketa ikusgarria izan da gainera, tanto on asko izan dituena eta huts oso gutxi. Jakak 12 tanto egin ditu jokoan eta beste 3 sakez (eramatekoak, hori bai), Altunak 13 egin eta 3 galdu, Zabaletak 1 egin eta 2 galdu, eta Galartzak 1 egin eta 3 galdu (eramateko sakeak zenbatu gabe, noski).

Gorriak oso indartsu sartu dira norgehiagokara, eta aitaren batean 5-0 aurreratu dira. Zabaleta indartsu atzean eta Jaka dena asmatzen aurrean. Lehen jardunaldian Bergaran gertatu zena etorri zaio burura bati baino gehiagori.

Baina Altuna ez zegoen prest bere etxean horren erraz amore emateko, eta txokoan goxo utzitako pilota batekin eman dio hasiera bere erakustaldiari. Lehen berdinketa 6-6koan iritsi da, eta hortik aurrera neurketa oso parekatua izan da.

Are gehiago, urdinek markagailuan aurrea ere hartu dute geroxeago, eta denbora askoan agintzen egon dira emaitzari dagokionez. Ladis ongi eusten ari zen Zabaletaren joari atzean, eta Altunak aukerarik txikiena ere baliatzen zuen tantoa egiteko.

Baina neurketa asko gogortu da, eta halakoetan gertatzen den moduan, nahikoa izan da laukotetik batek beherakada txiki bat izatea partida apurtzen hasteko. Kasu honetan, Ladis Galartza izan da neke puntu bat erakutsi duena, eta gorriek bost tanto segidan egin dituzte 13-14kotik 18-14kora alde egiteko.

Azken txanpan saiatu dira urdinak berriz ere neurketan sartzen, baina jada beranduegi zen, eta 20-17 hurbildu arren ezin izan dute ezer egin bigarren porrota ekiditeko. Jakak beste partida bikain bat borobildu du Amezketan azken bi tantoak eginez.

Bikote bat sailkapenaren goikaldean kokatuko da (2-0) eta bestea behekaldean (0-2).