naiz

Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela Gipuzkoako bertsolari txapelketako irabazleari

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Xabier Gaztelumendi omenduko du abenduaren 14ean egingo den Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalean eta irabazleari txapela jartzeko ohorea berak izango du.

Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela Gipuzkoako bertsolari irabazleari. (BERTSOA.EUS)
Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela Gipuzkoako bertsolari irabazleari. (BERTSOA.EUS)

Urte luzetan egindako «lan isila aitortu eta eskertu» nahi dio Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Xabier Gaztelumendi añorgarrari eta aurtengo Gipuzkoako bertsolari txapelketako irabazleari txapela janzteko aukera emango diote, abenduaren 14ko finalean. 2002tik elkartean «inurri lan nekaezinean» aritu dela goraipatu dute.

«Ezinbesteko lanak eta gehiago egin ditu Xabierrek, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, berak egindako lana itzulezina bada ere, fokupera ekarri eta merezimenduaren aitortza gisa», azaldu dute ohar baten bidez.

Gaztelumendik berak ere eskertu du aukera hau. «Ohorea eta harrotasuna batez ere, eta denen gainetik esker ona elkarteari. Ohorea eta harrotasuna esan det ez delako txantxetakoa elkartea ordezkatzea eta elkartean ixil-ixilik eta itzalpean lanean ari diren dozenaka emakume eta gizon ordezkatzea noiz eta horrelako momentu batean ezta», azpimarratu du.

Beñat eta Unai semeei helarazitako bertso zaletasuna ere izan du gogoan Gaztelumendik. «Gurasook zaila izaten dugu erabakitzea gure seme-alaben etorkizuna baina guri tokatzen zaiguna da bide bat erakustea eta gero beraiek erabakiko dute bide hori jarraitu ala ez. Eta gure kasuan ere halaxe izan zen: ume-umeak zirela beti bertsoa, hitza, errima… landu izan dugu jolas bezala eta nonbait Beñati eta Unairi ere gustatu».

Semeentzako aholkurik ote duen galdetuta, argi hitz egin du omenduak: «Beraiek dakite inork baino hobeto zer egin behar duten eta zer ez duten egin behar nik ezer esan gabe. Nik bakarrik opa nahi diet suertea izan dezatela, beren barruan duten onena eman dezaten, eta baita ere asma dezaten taldelana ondo egiten».