NAIZ

Dena prest Barakaldon Lau eta Erdiko Emakume Master Cup txapelketaren finaletarako

Igandean jokatuko dira Barakaldes pilotalekuan Lehen Mailako bi finalak. Pilota goxoarekin Patri Espinar eta Leire Etxaniz neurtuko dira, eta pilota mistoarekin Miren Larrarte eta Miriam Arrillaga.

Lau finalistak Barakaldon izan dira antolatzaile eta babesleekin batera (EMAKUME CUP)
Lau finalistak Barakaldon izan dira antolatzaile eta babesleekin batera (EMAKUME CUP)

Gaur egin dute Barakaldon igandean jokatuko diren Lau eta Erdiko Emakume Master Cup lehiaketaren Lehen Mailako finalen aurkezpen ekitaldia. Eta bertan izan dira antolatzaile eta babesleez gain, lau protagonista nagusiak: pilota goxoarekin neurtuko diren Patri Espinar eta Leire Etxaniz, eta pilota mixtoarekin jokatuko duten Miren Larrarte eta Miriam Arrillaga.

Zaletuentzat ezagunenak Espinar eta Etxaniz dira, aurreko urteetan ere, bakarka nahiz binaka, finaletan arituak baitira. Patri Espinar da, hain zuzen ere, egungo txapelduna kaiola barruan, baina aurkezpenean berak aitortu duenez, seguruenik dagoen pilotari onenaren aurka jokatu beharko du igandean.

«Leire denok ezagutzen dugu. Ez du oparirik egiten, oso segurua da beti, eta zaila izango da bera menderatzea. Nik nire jokoa egiten saiatu beharko dut aukerak izan nahi baditut», aipatu du Espinarrek aurkariari buruz. Eta Etxanizek laudorioak itzuli dizkio: «Patri oso pilotari bizia da, tantoa amaitzeko gaitasun handia duena, eta niretzako ere ez da partida batere erraza izango».

Pilota mistoko bi finalistak, aldiz, gazteagoak dira eta oraindik agian ez horren ezagunak zale askorentzat. Hala ere, etorkizuna seguru asko beraien eskuetan dago eta igandean ikuskizun ederra eskaintzen saiatuko dira Miren Larrarte eta Miriam Arrillaga, lagun minak eta Su-Berri elkartean batera entrenatzen dutenak.

Biek onartu dute elkar oso ongi ezagutzen dutela, eta igandean final parekatua espero dutela. Sakeari garrantzia handia eman diote biek, bai ongi sakatzeari eta baita errestoan asmatzeari ere, pilota mistoarekin jokatuta jokaldi horrek balio handia hartzen duela jakitun.

Finalak 12.00etan hasiko dira eta Barakaldora joan ezin duenak ETB1en ikusteko aukera izango du zuzen-zuzenean.