Amalur ARTOLA

Ilusioz helduko dio zortzikoak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalari

Donostiako Illunbek hartuko du larunbat honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala eta, aurkezpenean ziurtatu dutenez, ilusioz helduko dio zortzikoak lehiari. Xabier Gaztelumendik jarriko dio txapela puntu gehien batzen dituenari.

Finalean ariko diren zortzi bertsolariak, aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)
Finalean ariko diren zortzi bertsolariak, aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. Horiek dira larunbat honetan Donostiako Illunben jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean parte hartuko duten zortzi bertsolariak.

Finalaren aurkezpena San Telmo museoak hartu du astearte honetan eta bertan bildu da zortzikotea. Oraindik lasai eta batez ere ilusioz agertu dira larunbateko hitzorduaren aurrean. Laburu izan da hitza hartzen lehena eta, zortzikoari begira, bertsokerari dagokionez desberdintasuna marka dezakeela esan du: «Nire helburua da ‘Aginek horrela egiten du bertsotan’ erakustea».

Bere aldetik, Martinek bere burua bertsotan «libreago» ikusten duela esan du: «Inoiz baino libre eta kontzienteago ari naiz, eskubide gehiago eman diot nire buruari, kasu gehiago egiten diot plazako instituzioari. Ez dut nire burua zentsuratzeko asmorik, zorrotz eta umorearekin kantatzen saiatuko naiz», ziurtatu du.

Gaztelumendiri orain lau urte eskuratutako txapela defendatzea tokatzen zaio. «Ez noa ezer berrestera», aipatu du, eta urteotan gizartean zein bertsolaritzan izan den eraldaketari erreferentzia eginda, «ni ere ez nago leku berean, orain beste zerbait egitea tokatzen zait; bertso bakoitza aukera bat izango da eta denak aprobetxatzen saiatuko naiz», ziurtatu du. Elustondorentzat, aldiz, lehen finala da larunbatekoa. Aurretik bertsoaldi onak egina den arren, aurten «inoiz baino erregularrago» ikusi du bere burua eta finalera sartzearekin pozik agertu da.

Beteranoena da Maia. 35 urte daramatza txapelketatan eta hori, berez, jada oparia badela azpimarratu nahi izan du: «35 urte pasa eta oraindik hemen nago, hori da txapelik handiena. Inoiz ez dakizu berriz itzuliko zaren final batera. Ez zait gastatzen ilusioa. Beti pentsatzen dut nire onena emateko nagoela».

Bigarren finala du Iguaranek. Plazarako atea txapelketak ireki ziola eta plazan ikasitakoa erakustera datorrela esan du: «Plazaz plaza jaso dudanetik zati txiki bat erakutsi nahi nuke Illunben». Labaka ere «ilusio handiarekin» eta «pozik» doa finalera, eta, Iguaranek bezala, berak ere txapelketaz beste ikasitakoak izan ditu hizpide. «Badirudi txapelketa dela balidazio sistema bakarra» esan du, bera «beste bidezidor batzuetan» ibilia dela nabarmenduz. Hala ere, «beste horiek bezain beste zukutzeko asmoz» doa finalera.

Lizaso izan da hitza hartzen azkena. Txapelketatik aldentzeko erabakia hartua zuenean iritsi zaio finalerako txartela: «Txapelketak uzteko asmoa nuen, nire langa jo ote nuen zalantza egiten nuen. Orain pasa dut langa hori, baina ez dakit pizgarria izango den», esan du.

Aurrez iragarri bezala, puntu gehien batzen dituenari Xabier Gaztelumendik jarriko dio txapela.

Zuzenean NAIZ Irratian

Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale elkarteko lehendakariak eman du larunbatean Donostian moldatzeko informatzeko praktikoa. Hasteko, sarrerak: larunbat eguerdiko 13.00ak arte eskuragarri egongo dira internet bidez eta, agortu ez badira, 15.00etatik aurrera Ilunbeko txarteldegian. Saioa 17.00ean hasiko da.

Inoiz baino gehiago, garaiz abiatzea eta garraio publikoa erabiltzea funtsezkoa izango dela ere esan du. Izan ere, bertsolari txapelketaren egun eta ia ordu berean beste hitzordu bat hartuko du Anoetak: Reala eta Bartzelonaren arteko futbol partida, 16.00ean. Amara eta inguruetan pilaketak egotea espero da.

Illunbeko ateak 15.30ean irekiko dira eta aretoaren bi aldeetatik sartu ahalko dute bertsozaleek. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatzeko aurrez antolakuntzari abisatzeko eskaria ere egin dute: gipuzkoakotxapelketa@bertsozale.eus edota 943670575.

Azkenik, Donostiara bertaratu ezin dutenek hainbat bide izango dituzte saioa jarraitzeko. NAIZ Irratian zuzenean entzun ahalko da saioa, 16.30etatik aurrera, Ander Lizarralde eta Oihane Enbeitak gidatuta. ETB4 katean eta www.bertsoa.eus-en ere emango dute. Eta, igandean, Hitzetik Hortzera berezian ikusi ahalko dira bertsoaldi onenak.