NAIZ

Tuteran izandako sexu eraso bat ikertzen ari da Foruzaingoa

Adin nagusiko emakume batek sexu erasoa salatu eta gero ikerketa abiatu du Foruzaingoak. Tuterako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, «erabat gaitzestsi» du gertatutakoa eta elkarretaratzea deitu du igande honetarako; Tuteran egingo dute, Foruen Plazan, 19.00etan hasita.

Foruzaingoa erasoa ikertzen ari da . (Idoia ZABALETA/FOKU)
Foruzaingoa erasoa ikertzen ari da . (Idoia ZABALETA/FOKU)

Foruzaingoak jakitera eman duenez, salaketa epaitegira bidaliko dute eta dagoeneko ikerketa hasi dute larunbat goizeko gertakarien egilea identifikatzeko.

Tuterako Udalak irmo gaitzetsi du atzo Tuterako erdigunean neska gazte batek jasandako erasoa, haserre agertu da eta gogor arbuiatu du igorritako komunikatu batean.

Era berean, biktimari Tuterako hiriaren «babesa, maitasuna eta elkartasuna» helarazi dizkio, eta bere pribatutasuna eta ingurukoena errespetatzeko eskatu du.

Udala «Segurtasun Indar eta Kidegoen esku» jarri da gertaeraren ikerketa aurrera eramateko eta behar den guztian laguntzeko Justiziak jardun dezan.

«Era guztietako erasoen aurka» dagoela adierazi du Alejandro Toqueroren udal taldeak (Navarra Suma), eta Tuterako Berdintasun Kontseiluarekin batera lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, «sexu indarkeria desagerrarazteko eta edozein pertsona gure hirian seguru eta aske sentitzeko».

Azkenik, Tuterako eta Erriberako herritarrak deitu ditu igande honetan, urtarrilaren 12an, 19.00etan, Foruen Plazan egingo den kontzentraziora.

Nafar Gobernuak sexu erasoa gaitzetsi du

Nafarroako Gobernuak «gaitzespen sakonena» agertu du Tuteran gertatutakoaren aurrean, eta babesa eta elkartasuna adierazi die biktimari eta haren familiari.

Ohar baten bidez, nafar Gobernuak «adierazpen matxista ororen aurka borrokatzeko konpromiso irmoa» agertu du, eta herritarrei dei egin die gaur arratsaldean Tuteran deitutako elkarretaratzean parte hartzera. Bertan Javier Remirez Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria izango da.

Maria Chiviteren Exekutiboak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, gogorarazi du eraso horiek ez direla «gertakari isolatuak, baizik eta emakumeenganako indarkeriaren testuinguruan kokatu behar direla, gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren adierazpen basatiena baita».

Horregatik, indarkeria mota hori aurreikusteko biderik eraginkorrena «politika publiko feministak» direla azpimarratu du, eta «emakumeen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta herritartasun osoaren aurkako indarkeria mota guztiak desagerrarazteko lanean jarraitzeko» erantzukizuna berretsi du.

Gainera, «eraso sexisten prebentzioan eragiten jarraitzeko konpromiso irmoa» agertu du, «emakumeen aurkako indarkeria bakar bat ere egon ez dadin», eta «noizbait eraso edo indarkeria matxista bizi izan duten emakume guztiei babesa eta elkartasuna» adierazi die.