Erretreten erreformaren aurkako mugimendua ahultzeko ahaleginak biderkatu ditu Parisek

Protestan den mugimendua ahuldun nahiean, erretreta hartzeko adin finkoa bere lege egitasmoan ez du sartuko Gobernu frantsesak, eta azken orduetan sektoreen araberako negoziaketak azkartu ditu.

Maite Ubiria|2020/01/14
Mani-tolosa
Erreforma bertan behera uzteko aldarrikapena, gaur goizean, Okzitaniako hiriburuan. (Eric CABANIS/AFP).

Iragan asteburuan CFDT sindikatuak ezarritako «marra gorria» ontzat eman ondoren Frantziako Gobernuak ez du oraingoz erretreta hartzeko adin finkoa (64 urte) bere lege egitasmoan sartuko. Izan ere, sistemaren finantza oreka lehenetsiz aurrerantzean erretreta hartzeko adina gibelatzeko aukera atxiki du Edouard Philippe lehen ministroak. Intersindikalak eginiko deiari jarraituz mobilizazio berriak iraganen dira gaur.

Mugimendua ahuldu nahian, azkeneko orduetan sektoreen araberako negoziaketak azkartu ditu Matignonek, hala nola irakasle eta abokatuen ordezkariekin.

CFDT sindikatuak garaipen handitzat jo zuen, iragan igandean, Edouard Philippe lehen ministroa buru duen gobernuak erretreta hartzeko adina gibelatzeko asmoa baztertu izana.

Izan ere, orduak eta egunak aurrera joan ahala Gobernuak akordioaren irismena murriztera jo du Matignonek.

Erretreta hartzeko adin finkoa ez du oraindik ere jasoko hilaren 24an Ministro Kontseiluak beregain hartuko duen lege egitasmoan.

Philippek argiki adierazi duen puntuen araberako sistema plantan emango duela, eta horrek nahitaez erregimen berezien desagerpena ekarriko duela. Hori esanda, sindikatu erreformistekin erdietsi zuen akordioak «epe motzera, ertainera eta luzeari begira» sistemaren finantza-oreka jasotzen duela nabarmendu du lehen ministroak.

«Lan kostua», hau da enpresarien ekarpen soziala, handitzeko aukera baztertu zuen ere, era berean pentsioen jeitsiera ez dela emango ziurtatuz.

Egoera horretan, zalantza handiak badaude Gobernuak eta CFDTk adostu duten konferentziaren inguruan. Urtarrilaren amaieran eratuko den mahaiak apirila bitartean «aterabidea» eman beharko dio sistema berria plantan emateko Gobernuak ezinbestekotzat jo duen finantzazioaren gakoari.

Sindikatuen bizkar gainean ezarri du Philippek sistema diruztatzeko ekuazioa argitzea. Akordiorik ez bada, edonola ere erreformak aurrera egingo du, apirilaz geroztik Gobernuak esku libreak izanen dituelako dekretuen bidez neurriak hartzeko.

Langabezi sariari buruzko erreforma, aurrekari iluna

Gobernuko ordezkarien adierazpenek langabezi sariari buruzko erreformaren mamua agertarazi dute. Erreforma hori martxan jartzeari begira elkarrizketa soziala antolatu zuen iaz Exekutiboak. Akordioa ez zen gertatu eta iragan arazoak lehenean murrizketen logika guztiz bereganatzen duen sistema berria indarrean sartu zen.

Egoera nahasi horretan, intersindikalak mugimendua jarraitzeko hautua egin du oraingoz. Euskal Herrian, ekimen bat antolatu zuen, atzo astelehenean, Florence Lasserre diputatuaren egoitzaren aurrean, Angelun.

Gaur goizean 40. egunera heldu den greba mugimenduarekin jarraitzeko erabakia hartu dute asanblean SNCFko langileek, Baionan. Horren ondotik, LAB, CGT, FO, FSU, Solidaire eta CFE  sindikatuek babestu duten manifestazioa abiatu da. 1.500 lagun inguru elkartu dira.

 

Haurtzaindegietako langileek mobilizazio eguna deitu zuten astearte honetarako Kontseilu Nagusiaren aurrean eta bertan amaitu da erretreta duinak aldarrikatu duen mobilizazioa.

Asteazkenean hitzordua eman dute sindikatuek Hendaian, eta ostegunean berriz ere Lapurdiko hiriburuan plazaratuko dute erreforma bertan behera uzteko beraien aldarrikapena.

Sektoreen araberako negoziaketak

Frantziako Gobernuak presa baduela agerikoa da. Ondorioz, hilaren 24an lege egitasmoa bideratu baino lehen mobilizazioa moteltzeko karta jokatuko du.

Bloke sindikalean lehenengo urradura eragin ondoren, sektoreen araberako negoziaketak azkartu ditu, baita diru poltsa astindu ere.

Sindikatuekin bildu ondoren, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak irakasleen hilabeteko sariak emendatzeko xede 500 milio euroko partida iragarri zuen astelehen iluntzean.

Egun berean, abokatuen ordezkariekin elkartu zen, bere aldetik, Nicole Belloubet Justizia ministroa. Hexagonoko 70.000 abokatu ordezkatzen dituen CNB elkargoko burua, Christiane Féral-Schuhl, etsipenaz mintzatu zen bileraren ondotik, «proposamen berririk» ez zuelako jaso.

Izan ere, Justizia ministaritzaren baitan «kezka handia sumatu zuenez», ezin da baztertu Gobernuak abokatuen haserrea baretzeko eskaintza bat jartzea mahaigainean. Momentuz, abokatuen oinarrizko pentsioa 1.400 eurokoa izanen dela aditzera eman du Gobernuak.

Abokatuek astelehen arte luzatu dute greba

Hala eta guztiz ere, atzo bezala gaur ere euskal abokatuek toga beltza airera bota dute Baionako auzitegiaren atarian, «greba gogorrarekin» jarraitzeko engaiamendua irudikatuz.

Teddy Vermotek Baionako abokatuen elkargoko buruak azaldu duenez, duela bederatzi egun abian eman zuten greba, bederen, heldu den astelehen arte luzatuko da. Grebak hainbat ondorio utzi ditu, Auzitegiaren jarduera moteltzeaz gain, Abokatuen Etxea itxita izanen delako. 

 

 

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.