Mintzalagun egitasmoetan izena emateko aukera, zabalik

Gaurtik hasita eta otsailaren amaiera bitarte, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako ‘Mintzalagun’ egitasmoetan izen emateko aukera zabalik egonen da.

naiz|2020/01/14

Ikasturte honetan, bigarrenez, euskaltzaleei «lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean» euskaraz aritu eta ‘Mintzalagun’ egitasmoetan izena emateko aukera zabaldu du Euskaltzaleen Topaguneak. Mintzalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da. 

Irailean talde berriak sortu ziren. «Bidelariak eta Bidelagunak astero hartu-emanean daude, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz», jakinarazi dute antolatzaileek. Komunitate hau sendotzeko bigarren izen emate deialdia abiatu dute.

Bestetik, izen ematearen baitan, «postalaren jolasa» ere martxan dute otsaila agortu bitarte. Mintzalagunek, banatu zaien postala inguruko pertsona bati bidali eta hau mintzalagun izatera gonbidatuz landetxe batean asteburu pasa baten zozketan sartuko dira. Bai postala bidali duen mintzalaguna, bai postala jaso duen pertsona ere. Zozketan parte hartzeko, bidalitako eta jasotako postalarekin argazkia atera eta mintzalaguna@topagunea.eus helbidera mezu bat bidali behar da. Zozketa otsailaren 29an egingo da, mintzalagun komunitateak Mintzatxotx sagardotegira irteeran.

«Euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko apuntatzen dira. Izena eman, erronka berriari heldu eta komunitatearen parte sentitzen dira; harreman sarea sendoa eta iraunkorra da». Gaur egun, 7.000 lagun baino gehiagok hartzen dute parte egitasmo hauetan.

Berbalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, 16 urtetik gorakoa izatea, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira. Izena emateko aukera eta eskualdeko euskara elkartean, euskaltegian, Udalean edo gunean dago eskura.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.