Zaporeak elkarteak 40.000 euro bildu nahi ditu Lesbos irlan elikagai banaketa egiten jarraitzeko

Zaporeak elkarteak urteak daramatza Grezian errefuxiatuei elikadura apropos bat eskaintzeko lanean. Orain Lesbos irlan daude eta ekimenarekin jarraitzeko furgoneta baten beharra dutela iragarri dute. Horretarako 40.000 euro behar dituzte.

naiz|DONOSTIA|2020/01/14
Furgobanaketa4
Zaporeaken elikagai banaketa Lesbosen. (ZAPOREAK)

Lesboseko uhartean bere proiektua garatu ahal izateko Zaporeakek banaketarako furgoneta berri bat behar du. Hala adierazi du gaur Donostian egin duen agerraldian. Elkarteak Lesbosen dauden pertsona errefuxiatuei elikadura osasungarri bat ematea du helburu eta horretarako egunero 1.500 otordu inguru banatzen dituzte.

Banaketa furgoneta eskuratzeko 40.000 euro bildu nahi dituztela iragarri dute eta martxora bitarteko epea jarri eta Gipuzkoa Solidarioa Kutxa fundazioaren kontu korrontea (Kutxabank 2095 5381 10 1064092199) baliatuko dute, herritarren ekarpenak jasotzeko.

Moriako esparruan 500 otordu inguru banatzen dituzte eta pertsona errefuxiatuen bizi maila hobetzen lanean ari diren beste hamaika proiekturekin ere lankidetzan dabiltza. Banaketa eta lankidetza hori guztia alokatutako furgoneta batekin egiten dute oraingoz. «Alokairuan ordaindu ditugu dagoeneko 15.000€, baina hori ez da bertako gastu bakarra. Proiektua garatu dadin, aurrekontu altu bati aurre egin behar diogu: hilero 64.500 euro. Urtero, aldiz, 824.000 euro», adierazi dute.

Bestetik, 2019 urtearen balantzea ere egin dute. «Urte gogor» gisa definitu ere. Otsailaren 11an hasi ziren Lesbosen otorduak banatzeari. «2019 urtean zehar, greziar uharteetako errefuxiatu kopurua hirukoiztu egin zen: 14.615 lagun zeuden urte hasieran eta egun 42.421 daude», azpimarratu dute. Iheslari kopurua bikoiztu den bitartean, Greziar Gobernuak penintsulara eraman dituenen kopurua ez da neurri berean hazi.

Zehazki Lesboseko uhartean, iazko urte hasieran 7.119 errefuxiatu zeuden eta urte amaieran, berriz, 21.268. «Moriako egoera geroz eta makurragoa da. Errefuxiatuak etengabe iristen ari dira eta pairatzen dituzten bizi baldintzak oso prekarioak dira. Bertan pilatzen den populazioa babesgabe dago, oinarrizko eskubideak ez daudelako bermatuta. Asilo eskaerak, gainera, geldituta daude, blokeatuta», baieztatu dute.

Bestelako ekimenak

Baliabide materialen erabilerari dagokionez, berrerabilitako arrantza-sarez osatutako poltsak banatzen hasi dira. Poltsa horiek Euskal Herriko boluntario talde batek egin zituen, irlan sortzen zabor kantitatea murrizteko. «Errefuxiatuek ingurugiroaren aldeko apustua egiten dute», nabarmendu dute. «Horrekin batera, bertako ekoizleen alde egiten dugu tokiko produktuak erosiz. Ondorioz, ekonomia lokalari laguntzen diogu eta produktu ekologikoekin kozinatzen dugu».

Zaporeak elkarteko boluntarioak 4-5 laguneko taldeetan joaten dira Lesbosera, hiru asteko lanaldiak egitera. Haiekin, gaur egun, hiru errefuxiatu aritzen dira lanean. «Esperientzia aberasgarria da zinez, ezagutza partekatzen baitute elkarrekin eta sukaldeko funtzionamenduak, horrela, ez du etenik».

Lan honek, baina, trabak ere baditu. «Greziar eta turkiar Gobernuek ikaragarri zailtzen dute lana, hala nola, esparruetarako sarrera debekatuz. Lurralde hauetako administrazioko baldintzak betetzen dituztenek soilik lan egin dezakete esparru barruetan, baina bete behar diren eskakizunak ez dituzte betetzen pertsonen Giza Eskubideak, inondik inora. Neurri horiek estrategia politiko eta ekonomikoei erantzuten diete eta zeharo aldentzen dira elkartasunetik eta gizatasunetik».

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.