NAIZ

Familia sudurgorri ugarik erantzun dio Navarra Suma-ko alkateak ezarritako zentsurari Lizarran

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunari zentsura ezarri ondoren, familia ugarik sudur gorrien bidez erantzun umoretsu baina era berean tinkoa eman dio Navarra Suma-ko Gonzalo Fuentes alkateari. Emanaldia, asteazkean ondoko Oteiza herrian.

Sudur gorriak, Lizarran zentsuraren aurka.
Sudur gorriak, Lizarran zentsuraren aurka.

Haserrea eragin du Lizarrak Navarra Suma-ko alkateak, Iruñeko Enrique Mayari lekukoa hartuz, umeentzako ikuskizunari baimena ukatu izana. Baina era umoretsuan egin nahi izan diote aurre: ostiral arratsaldean, sudur gorriak pailazoen antzera zeramatzatela bildu dira ama, aita zein haurrak Koroatze Plazan, zentsura era irrigarrian salatuz.

Garean Euskaldun Elkartearen ekimenari bultzada eman diote, bide batez. Udaletxetik gertu den plaza horretan bildu eta askaritxoa egin dute, giro ederrean. Irrien Lagunak familiek antolatu dute jarduna, «gure txikiei, Lizarra irriz eta kolorez betetzea ukatu dietelako».

Jakina denez, hamaikagarren urtez eta orain arte inolako oztoporik gabe Lizarrak hartu duen emanaldia aurten tokirik gabe utzi du Gonzalo Fuentes alkateak, Lizarreria udal kiroldegirako baimena ukatu baitu. Kontuan hartu behar da 700 ikusle inguru bildu ohi dituela ekimen honek.

Hala ere, emanaldia ez da bertan behera utziko. Pirritx, Porrotx eta Marimototsi tokia egingo die ondoko herri bateko udalerri batek: Oteizak. Iturtxipia polikiroldegian izango da ikuskizuna, asteazken honetan 17.30etan hasita.

Ez da ostiraleko hau Navarra Sumako alkatearen debekuak jaso duen erantzun bakarra. Garean Euskaldunon Elkarteak adibide gisa jakitera eman duenez, Maddalen Arzallus bertsolariak ‘Maite zaitut’ kantaren bertsio bat egin du, Lizarraldeak euskarari dion maitasuna adieraziz.