naiz
Hondarribia

Montai enpresak Hondarribiko Udalari 10.000 euroko gainkostua eragin ziola salatu du Abotsanitzek

Hondarribiko Abotsanitz taldeak Montai enpresak, 2017ko astezken eta larunbatetako azoka postuen muntaian, Udalari 10.000 euro baino gehiagoko gainkostua eragin ziola baieztatu du. Gainera, Aitor Elorzaren enpresak konpetentziak aurkeztu izan dituen prezioen berri zuela azpimarratu dute.

Abotsanitz taldeko kideek auzitegian deklaratu behar izan zuteneko irudia. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Abotsanitz taldeko kideek auzitegian deklaratu behar izan zuteneko irudia. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

«Montai enpresak Hondarribiko Udalari 10.000 euro baino gehiagoko gainkostua eragin zion 2017 urtean, baserritarren azokako lanengatik», Abotsanitzek baieztatu duenez.

Gogora ekarri dutenez, urte hartean EAJren gobernuak Euskadi Buru Batzarreko kide eta Itsasondoko zinegotzia zen Aitor Elorzaren enpresa taldeari esleitu zizkion lanak. Hau «beste aurrekonturik eskatu gabe» egin zela adierazi du Hondarribiko taldeak. Zehazki, asteazken eta larunbatetako azoka postuen muntaketa eta desmuntatze lanak ziren Montaik egin beharrekoak. Enpresak 20.134 euro fakturatu zituen, 160 euro eguneko. Hurrengo urtean Events Onddar2ren aurrekontua iritsi zen Udalera eta 75 euro ziren eguneko. Abotsanitzek jakinarazi duenez, arloko teknikariak 2018ko lanak enpresa horri esleitzea proposatu zuen. «Urte hartan hondarribiarrek aurreko urtekoaren erdia baino gutxiago ordaindu zuten azokako lanengatik, ia 11.000 euro gutxiago».

«Gainera, guztiz ezohikoa den gauza bat gertatu zen. 160 euroko eskaintza egin eta gero, Montaik bigarren eskaintza bat egin zuen, %25 baxuagoa zena, 120 eurokoa. Kontraofertak egitea guztiz ohiz kanpokoa da kontratazio publikoetan, erabat debekatuta dagoelako enpresa batek konpetentziak aurkeztu duen prezioa ezagutzea», salatu dute.

2018 urte bukaeran hiru izan ziren aurrekontua aurkeztu zuten enpresak: Montai, Events Onddar2 eta Mendibil. Events Onddar2k aurreko urtekoarekiko igoera txiki bat egin zuen, eguneko 75,5 euroko prezioa aurkeztuz. Eta Montaik 76 euroraino jaitsi zuen bere prezioa, bi urte lehenago egin zuen aurrekontukoa baino %134,4 baxuagoa. Udalak lehen seihileko lanak Events Onddar2ri esleitu zizkion. Gero, urteko bigarren erdiko lanak Import Caravan enpresak egingo zituen, antzerako aurrekontu batengatik (83,9 euro eguneko). «76 euroko azken eskaintza hori eginda, Aitor Elorzaren enpresak argi uzten du nahierara kontratatu zutenean arloko preziotik oso gora dagoen kopurua fakturatu zuela. Eta bestetik, udaleko barne informazioa bazuela antzematen da, aurkeztutako eskaintza aurreko urtean konpetentziak egindakoaren berbera baita, KPIa gehituta».

Urtarrilaren amaieran Abotsanitz taldeko zinegotziek epaitegian deklaratu behar izan zuten, Montai enpresak «irain eta gezurrengatik» salatu ostean.