NAIZ

MapaSaretuz aurkeztu dute, Donostiako komertzioen gida

Donostiako 90 komertzio inguru batzen dituen ekimen hau kontsumo arduratsu eta kontzientea bultzatzen duen Saretuz-ek bultzatu egin du. Hiriko komertzio eta biztanleak gerturatzeko tresna dela azaldu dute asteazken honetan egin duten aurkezpenean.

MapaSaretuz asteazken honetan aurkeztu dute Donostian. (@Saretuz)
MapaSaretuz asteazken honetan aurkeztu dute Donostian. (@Saretuz)

Tabakaleran kokatua dagoen Impact Hub-en aurkeztu dute asteazken honetan MapaSaretuz, «kontsumo arduratsuan, iraunkortasunen eta ardura soziala» bezalako baloreetan oinarrituriko Donostiako komertzioen gida.

Bertan Lucía Peña Armijo (Saretuzeko koordinatzailea), Mikel Díez (GFA-ko Nazioareko Kooperazio Zuzendaria Nagusia), Sheila Padrones (Emaus Fundación Social), Juanjo Ucar (Gabiltza, Gipuzkoako Artisauen Elkartea), Jokin Aizpurua (Izarbide, supermerkatu ekologikoak) eta gidaren portadaren ilustratzailea, Iñaki Martiarena, izan dira.

«Badira urte batzuk Saretuz lanean dagoela gure hirian eta urte guzti huetan asko dira martxan jarri eta aurrera atera ditugun ekimenak, jardunaldiak, esposaketak eta kanpainak. Guzti hauetan gure iparrorratza eta helburua beti berdina izan da, donostiar bakoitzak bere egunerokoan egiten duen kontsumoaren eta honen ondorioen inguruko kontzientzia hartzea», azaldu du Peña Armijok.

Ildo horretan, «agungo kontsumo eredua sostenga ezina dela esaten da ikuspegi sozial zein ingurumen ikuspegitik», adierazi du, horregatik «egun dagoen hiperkontsumismo ereduaren inguruan hausnarketa bat egitea, baina batez ere horrekin apurtzea eta gure ingurunearekin lagunkoiagoa izango den ekonomia ekologiko batera pasatu ahal izatea» beharrezkoa dela azpimarratu du.

MapaSaretuz helburu horretarako tresna dela azaldu du, «Donostian kontsumo arduratsu eta kontzientea bultzatzen duten komertzio eta biztanleak gerturatzeko tresna», hain zuzen ere.

Gainera, proiektuaren bultzatzaileek azpimarratu nahi izan dute egun kontsumo kontzienterako trabetako bat informazio eza dela eta arazo horri irtenbide bat emateko gida osatu dutela.

«Nahiz eta gaur kontsumo gidaren paperezko bertsioa aurkezten ari garen, gure webgunean nahi duen orok izango du aukera bertan kontsultak egiteko. Webgunean gida hau mapa interaktibo baten bidez irudikatuta dago eta erabiltzaileak dituen kontsumo beharren arabera kontsultak egin daitezke», azaldu du Peña Armijok. 

Egun MapaSaretuz Donostiako 90 komertziok osatzen dute, eta bertan eskeintzen dituzten zerbitzu eta produktuen arabera daude sailkatuak. Arropa dendak, kosmetika dendak, konponketa dendak eta elikagai dendak, besteak beste, topa daitezke, horrela 13 motako komertzioek osatzen dute.

Bukatzeko Lucia Peñak nabarmendu nahi izan du: «Saretuz-en argi dugu komertzio hauek gure hiriaren altxorrik preziatuena direla. Komertzio txikiaren inguruko eztabaida pil-pilean dagoen honetan balioan jarri nahi dugu MapaSaretuz-en dauden alternatiba guztiak, komertzio txiki direlako, baina hori baina askoz gehiago direlako batez ere, komertzio txiki konprometitua eta horreka guretzako balio bikoitza du».

Bestalde, Mikel Díez GFA-ko Lankidetza departamentuako zuzendariak nabarmendu du ezin dela «erlazio ekonomiko juxtuago batzuen alde egon eta kontsumitzerako orduan hau kontutan ez hartu». «Kontsumitzaile gisa sekulako boterea dugu eta zentzu horretan kontsumitzerako orduan hartzen dugun erabaki bakoitzak munduaren aurrean dugun posizio ideologikoa ezartzen du», gaineratu du.

Horrela, gida honek «kontsumo arduratsu eta kontzientea» sustatzen lagundu nahi duela azaldu du eta horregatik herritarrak animatu nahi dituela gaineratu du, honen erabilpena egin dezaten.