Azora «funts putreak» kaltetutako Donostiako bizilagunak Goiarekin bilduko dira ostiralean

Azora «funts putreak» Inmobiliaria Vascongadaren akzioak erosi izanagatik kontratuak iraungita edo iraungitzear dituzten eta haien etxebizitzetatik kaleratuak izateko arriskuan dauden Donostiako lau familiak «irtenbide kolektiboak» galdegin dizkiete Azorari eta Udalari alokairuko kontratuak «egonkortu» eta kaleratzeak ekidin ditzaten.

Maddi TXINTXURRETA|2020/02/25
Azora_elkarretaratzea
Kaltetutako familiek, sindikatuek eta Kaleratzeak Stop-ek elkarretaratzea egin dute Azoraren egoitzaren aurrean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Donostiako auzo elkarte ugarietako kideak –tartean, Benta Berriko Alokairu elkartekoak, zeintzuk, esan dutenez, Blackstone «funts putrearen» mehatxupean dauden–, kaltetutako familietako ordezkariak, sindikatuak (ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas) eta Stop Kaleratzeak plataformako kideak elkarretaratzea egin dute astearte goizean Azora inbertsio funtsaren Donostiako egoitzaren aurrean. Bi astetan hirugarren elkarretaratzea izan da gaurkoa, eta jakinarazi dute ostiralean Eneko Goia Donostiako alkatearekin bilduko direla.

Zehazki, iazko martxoan Pedro Sanchezen Gobernuak ateratako Hiri-Errentamenduaren Legea betetzeko eskatu du Rosa Garcia Stop Kaleratzeak plataformako bozeramaileak, eta hala, gutxienez zazpi urteko iraupena duten alokairu kontratuak sinatzea, eta kontratu horien prezioa KPIaren araberakoa izatea, «igoera espekulatiboak galarazteko».

Ategorrietako etorbidean eta Galtzada Nagusian bizi diren aipatu lau familietatik biri urtarrilaren 31an iraungi zitzaizkien alokairu kontratuak eta, beste bienak, otsailaren 28an (ostiral honetan alegia) iraungiko dira. Gainera, Azorak beste hamar familiari burofax bidez jakinarazi die beraien kontratuak maiatza eta ekaina bitartean amaituko direla eta, orotara, Donostiako 320 etxebizitza kudeatzen ditu Azorak.

Bizilagunek jasaten ari diren «ziurgabetasuna» salatu dute, eta beldur dira Azorak Madrilen kudeatzen dituen babes ofizialeko 3.000 etxebizitzekin gertatutakoa Donostian ere jazoko den. Azora inbertsio-funtsak 2013. urtean alokairuko 3.000 babes ofizialeko etxebizitza erosi zituen Madrilen, eta errentari gehienak kanporatu zituen, alokairuaren prezioa %100 igota. Elkarretaratzean Iñaki Setien kaltetutako bizilagunen bozeramaileak ohartarazi duenez, Bartzelonan ere alokairuen prezioa %70 igotzen ari da Azora.

Setienek zehaztu du inbertsio funts honen eraginpean dauden familiek 600 eta 950 euro arteko alokairuak ordaintzen dituztela.

Gustavo eta Monika bizilagunek adierazi dute «inbertsio» handiak egin dituztela beraien etxebizitzetan; hileroko alokairua eta OHZ «garaiz» ordainduz, erreformak eginez eta mantentze-lanak pagatuta.

Alkatearekin bilera

Iñaki Setienek jakinarazi du astearte goizean Eneko Goia Donostiako alkateak baiezkoa eman diola hilaren 12an auzo elkarteak bilera baterako egindako eskakizunari. Hartara, ostiral goizean bilduko da Goia bizilagunekin. Alkateak astearte honetako Tokiko Gobernu Batzarraren ondorengo prentsaurrekoan, eta ostiraleko bilerari buruz galdetuta, adierazi du Azorako etxebizitzetako errentariek topaketa eskatu dutela eta haiekin bilduko direla, «ea zer planteatzen diguten».

Aurretik ere Goiak esku hartu du gai honetan; Azora inbertsio funtsaren ordezkariekin izandako bileran. Bileraren ostean lasaitasun mezua zabaldu zien oraindik kontratua iraungi gabe duten bizilagunei, baina azken hauek salatu zuten alkateak ez zuela argitu zer gertatuko den kontratua amaitu dutenekin.

Horregatik, astearteko elkarretaratzea eta gero, bizilagunek idatzi bat helarazi diete Donostiako udal talde guztiei, adieraziz «kontratuak amaituta dituzten errentarien egoera ordaindu daitezkeen alokairuak sinatuz» konpondu nahi dutela

«Espero dugu alkateak lagunduko digula eta jazarpen finantzario honekin bukatuko duela», esan du Iñaki Setienek.

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.