Murgan astelehenean hildako bat eragin zuen lan istripua salatu dute

‘Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez’ lelopean, sindikatuek elkarretaratzea egin dute Murgan, astelehenean zendu zen beharginaren heriotza salatzeko.

naiz|2020/02/26
Istripua
Elkarretaratzea egin dute gaur Murgan, asteleheneko lan istripua salatzeko. (Endika PORTILLO / FOKU)

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindiaktuek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur Murgan. ‘Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez’ lelopean, astelehenean zendu zen langilearean heriotza salatu dute.

Hondakinak kudeatzen dituen Murgako lantokian gertatu zen ezbeharra astelehen arratsaldean. Lau metroko altueratik erori zen 30 urteko behargina. Ospitalera eraman bazuten ere, bertan zendu zen.

Zorroza gestión de residuos enpresan izan zen istripua. LAB sindikatuak salatu duenez, ezbehar honek «agerian utzi ditu» lan baldintzak. Hala nola eguneko 10 orduko nahitaezko lanaldiak, babesteko ekipamenduen gabeziak, soldata baxuak, lan erritmo altuak, fitxatzeko sistemarik eza edo lan arriskuen prebentzioen prestakuntza falta.

LAB sindikatutik, bertako langileek pairatzen duen «babesgabetasun egoera» salatu dute eta erakunde publikoak interpelatu dituzte, «neurri faltagatik halakorik berriro gerta ez dadin». «Zoritxarrez, prekarietatea Aiaraldea eskualdeari indar handiagoz kolpatzen dion epidemia bat da. Horren adibide dira Zorroza gestion de residuos inguratzen duten enpresak; Tubos Mecánicos Norte enpresa otsailaren 10etik greba mugagabean dago, Garobel enpresako langileak etorkizuna arriskuan dute, etab», adierazi du sindikatuak ohar baten bidez.

Esan bezala, 14 dira aurten Euskal Herrian gertatutako istripu hilgarriak. Kopurua «neurrigabea» dela salatu du LABek. «Erakundeei exijitzen diegu lan-prekarietatearen aurrean benetako eta premiazko neurriak har ditzatela, eta Aiaraldeko eskualdeari eskatzen diogu ez dezala zalantzarik izan sarraski honi aurre egiterako orduan, gaurko deitutako mobilizazioetan parte hartuz». Eguerdiko elkarretaratzeaz gain, 19:00etan manifestazioa izango da Amurrioko Herriko plazatik, Aiaraldeko greba batzordeak deituta.

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.